AEK-ko Praktika Jarduerak zerbitzuak mintzapraktika egitasmoen ganeko jardunaldia antolatu dau, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoagaz, gaur, zemendiak 28, Bilboko La Bolsa Udaltegian, Gaur, euskara praktikatu. Bihar, euskaraz bizi izenburupean. Gero eta jente gehiago batzen da gaur egun mintzapraktika egitasmoen inguruan, eta fenomeno horrek interesa piztu dau hainbat adituren artean, antolatzaileek nabarmendu dabenez.
Ana De Castro Bizkaiko Aldundiko Euskera zuzendariak eta Mertxe Mugikak AEKren koordinatzaile nagusiak egingo deutsee ondoetorria parte-hartzaileei, eta ondoren, mintzapraktika egitasmoetan eskarmentua daben lau adituren berbaldiak izango dira.
Alde batetik, 19. Korrikaren arduradun Asier Amondok Korrikaren ganean egingo dau berba, galdera bati erantzunez: zelan heldu da Korrika, ideia zoro batetik abiatuta, herri oso bat martxan jarten dauen ekimena izatera? Amondo AEKren Artezkaritza Kontseiluko kidea da, eta Laudioko Udaleko Euskera Aholku Batzordeko kidea eta Basalarrina Euskera Alkartearen sustatzailea izan da.
Bestalde, Deustuko Unibersidadeko Giza eta Gizarte Zientzietako Fakultadeko irakasle eta ikerlari Jone Goirigolzarrik euskal hiztun barrien hizkuntza identidadeari buruz egingo dau berba. Izan be, euskal hiztun barriek dudak izaten ditue euren burua euskaldun barri ala euskaldun moduan azaltzeko, bi adieron atzean legitimidade maila desbardinak bereiztu daitekezalako. Berbaldiaren helburua da euskal hiztun barriek zenbait eragile gako euren burua benetako euskaldun moduan hartu deien. Goirigolzarri Labayru ikastegian irakasle eta Egizu Getxo Euskaldun alkartean Berbalagun proiektuko dinamizatzaile ibilitakoa da.
Era berean, Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Maite Indak mintzapraktika egitasmoek beteten daben arnasgune zereginaz berba egingo dau. Inda Kontseiluko ildo sozialeko burua da. Herrietan arlo sozialeko ekimenak dinamizetan ibili zan lehenengo, eta ondoren hizkuntza-politikearen neurketea egin eban.
Euskerea erakargarri bihurtu
Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) irakasle eta soziologo Iñaki Martinez de Lunak egitasmo honeetako partaideen artean diskursoa garatzearen ganean berba egingo dau, euskerea danontzat erakargarri bihurtzea erronkea dan momentu honetan. Galdera honetaz egingo dau hausnarketea: ba ete dago motibo barririk euskereagazko interesa areagotzeko, orain arte gogo handirik izan ez daben horreengan?
Martinez de Luna Soziolinguistika Klusterreko sortzaileetako bat da, bai eta Bat soziolinguistika aldizkariko zuzendaria, Gasteizko Geu euskara alkarteko lehendakaria, Hiznet hizkuntza plangintza graduondoko zuzendaria eta Euskerearen Aholku Batzordeko Euskara 21 batzorde ataleko zuzendaria.
Atsedenaldiaren ondoren, lantaldeak osotuko dira, eta jardunaldia amaitzeko, mintzapraktika egitasmoetako partaideen testigantzez eta bizipenez osotutako bideoa aurkeztuko da.
Dagoeneko 60 bat lagunek emon dabe izena jardunaldian, danak be eskarmentudunak mintzapraktika egitasmoetan: berbalagunak, dinamizatzaileak, euskera teknikariak, euskaltegietako zuzendari eta irakasleak edota euskera alkarteetako kideak.