Asturiasen gertatutako bi umeen erailketa gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute Bilbon ere

uriola.eus 2014ko aza. 28a, 17:21

Gaur jakin da Basauriko gizon batek bere bi alabak hil eta bere buruaz beste egin duela Asturiasen. Gertaera horren aurrean, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak bihar, azaroak 29 larunbata, elkarretaratzea deitu du 13:30ean Areatzan "indarkeriarik gabeko bizitzak bizitzeko eskubidea" aldarrikatzeko.

Asturiasen atzo jazotakoa indarkeria matxistaren "beste eraso bat" da Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren iritziz. "Bortitza eta muturrekoa". Emakumeon aurkako indarkeriak "ez du mugarik, egiturazkoa da". Adierazteko forma eta esparru mota asko ditu, eta "makineria sozial, politiko, kultural, juridiko, ekonomiko eta ideologiko osoan dago presente".

Erailketak Euskal Herrian gauzatu ez badira ere, Euskal Herriko mugimendu feministak "ezin du ahaztu basauriarra den gizon batek burutu duela basakeria hau", eta horregatik ohiko protokoloa aktibatuko ez badu ere, "gure gaitzespen osoa adierazi nahi dugu".

Kasu honetan 7 eta 9 urteko alabek "ordaindu dute indarkeria honen muturreko ondorioa". Asturiasko Gobernuko Presidentzia kontseilari Guillermo Martinezek jakinarazi du bikotekideak salatua zuela ustezko erasotzailea, tratu txarrengatik. Horrekin batera, andreak babes neurriak eskatu zituen, baina epaileak ez zizkion onartu. Aitak bisita erregimena balioztatu zuen alabak hil eta bere buruaz beste egiteko; "honekin alaben bizia eteteaz gain, haurren ama lur jota utziz".

Mundu Martxaren arabera "mendekuzko ekintza honen aurrean Bizkaiko eta Euskal Herriko jendarteak ezezko irmoa eman behar du, eta berriro ere emakumeok askatasunean bizitzeko dugun eskubidea aldarrikatu eta indarkeriarik gabeko bizitzak bizitzeko eskubidea dugula adieraziko dugu". Horretarako, elkarretaratzea deitu dute biharko, azaroak 29, 13:30ean, Areatzan.

Elkarretaratzea Basaurin

Gizona Basaurikoa (Bizkaia) zen, eta, andrearengandik banatuta, Euskal Herrira itzuli zen iaz. Orain hilabete batzuk, ordea, etxe bat alokatu zuen Asturiasen. Etxe horretan bertan azaldu ziren umeen hilotzak. Gaur, elkarretaratzea egin dute Basauriko udaletxe aurrean, hilketak salatzeko.