Synposiumaren XVIII. edizioa Francoren diktaduraren garaian zentratuko da (1937–1977). Izan ere, 1937ko ekainaren 20tik aurrera, Bilboko biztanleen eguneroko bizitzak goitik beherako aldaketa jasan zuen. Egun horretatik aurrera, 40 urte iraun zituen diktadura ezarri zen.
Gaur eta bihar egingo den topaketa horretan hainbat ikerlari elkartuko dira, epealdi horretako gaiei eta arazoei buruz oraindik argitaratu barik dauden lanak azaltzeko. Sinposioa gaur (abenduak 2) hasiko da, arratsaldeko 18:00etan, Xabier Irujo Nevadako Unibertsitateko irakasleak emango duen inaugurazio hitzaldiarekin. Hitzaldiaren izenburu adierazgarria hau izango da: Atrocidades cometidas en Euskal Herria entre 1936 y 1945 a la luz de la legislación internacional: Claves jurídicas para una definición de genocidio en Euskadi.
Egitaraua, asteartean eta asteazkenean egingo diren bost saiotan banatu da, eta guztira 18 txosten aurkeztuko dira, eta horien ondoren eztabaida eta azterketa etorriko dira. Txosten horiek, hitzorduaren gai zentralarekin erlazionatutako hainbat gai landuko dituzte. Landuko diren lanen artean, nazional-katolizismoaren urte haietan erlijioak hirian izan zuen eragina, NO-DOa bezalako komunikazio eta propaganda medioek egin zuten lana, frankismoaren kontrako oposizioaren jarduera, etxebizitzaren arazoa desarrollismoaren urteetan… egongo dira, besteak beste. Txosten batek, 1942 eta 1970 artean Telefonican lan egin zuten Bilboko emakumeak gogoratuko ditu.