'Begirada bi, betiko kantak' errezitaldia eskainiko dute antzokiko foyerrean, eta bertan, hiru artistek 2013an argitaratu zuten 'Begirada bi - Dos miradas' izeneko diskoan bildu zituzten betidaniko euskal abestiak eskainiko dituzte.
'Begirada bi' izenburuak egile biren ikuspegia adierazten du: Iñaki Salvador bera eta Tomas Garbizurena. Erlazio hori ulertzeko, 1971ra jo behar da. Urte hartan, Caja Municipal de San Sebastian izenekoak Viejas canciones donostiarras liburua argitaratu zuen, Tomas Garbizuk armonizatutako partituretan oinarritutako eta Jesus Maria Arozamenaren literatur aipamenen bitartez aberastutako betidaniko abesti ezagunen bilduma. Garbizuren ahotserako eta pianorako egindako moldaketa haiek dira une honetan Olatz Saituak, Ainhoa Zubillagak eta Iñaki Salvadorrek eskaintzen duten proposamenaren jatorrizko ideiaren abiapuntua.
Piano jotzaileak moldaketa berriak eta pertsonalak egin ditu Garbizuk liburuan bildutako abestietan, haren lana osatuz eta konplementatuz. Horrela, 'Begirada bi' diskoan abesti herrikoiari buruzko begirada bi horiek elkarrekin agertzen dira; kasu batzuetan Garbizuren jatorrizko moldaketak entzungo dira, eta besteetan proiektu honetarako idatzitako jatorrizko bertsioak.