Urtarrileko emanaldian errezitaldia eskainiko du katalanak, bere alaba Montserrat Marti sopranoarekin eta Jordi Galan tenorearekin batera. Gainera, Ricardo Estrada maisuak lagunduko die pianoan. Bertan, Marti eta Galan abeslariekin batera, historiako konposatzaile garrantzitsuenetako batzuen ariak eta duoak interpretatuko ditu: Tostitik hasi eta Leonard Bernsteinera, eta horien artean Donizetti, Bellini, Bizet, Gounod, Puccini, Penella, Jimenez, Caballero edo Sorozabal, batzuk aipatzeagatik.
Sopranoak 2015eko Europako birari hasiera emateko Bilbo aukeratu du. Beraz, Bilboko ikus-entzuleek Montserrat Caballek bere hurrengo biran eskainiko duen lehenengo kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute. Artistak berak jakinarazi duenez, ilusioz hasiko du proiektua gure hirian. Izan ere, 2012an bertan agertzea egon baitzen aurreikusita, baina garai hartan izan zituen osasun arazoak zirela eta, birritan bertan behera utzi behar izan zuen aukera hori.
Emanaldira joateko sarrerak ohiko salmenta lekuetan lortu daitezke: Arriagako helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian. Prezioari dagokionez, merkeenak 11 euro balioko ditu, eta garestienak, berriz, 40 euro.