Imanol Gogoan 10 urte, berarekin aritu ziren abeslari, idazle eta musikari zenbaiten sentimendutik eta hurbiltasunetik Imanolen irudira eta lanera hurbiltzeko kontzertua da. Horrez gain, Euskal Kantagintzan ezinbestekoak diren melodia eta letra horiek gogoratzeko hitzordua.
Artista donostiarraren garrantzia ulertzeko nahikoa da omenaldian parte hartuko dutenak aipatzea. Izan ere, Antton Valverde, Arantxa Irazusta, Pier Paul Berzaitz, Jabier Muguruza, Beñat Achiary, Amaia Zubiria, Erramun Martikorena, Mikel Markez, Caroline Philips, Mixel Arotze, Xabier Euzkitze eta Napoka Iria bikotea ariko dira kantuan. Eta haiekin batera goi-mailako musikariak izango dira: Txema Garces (kontrabaxua), Mitxel Longaron (bateria), Mixel Ducau (saxoa eta gitarra) Iosune Marin (gitarra) eta Joxan Goikoetxea (pianoa). Azken horren zuzendaritza artistikoaren azpian agertuko dira denak.
Beraz, Donostiako kantariarekin elkarlanean jardun zuten hogeitaka abeslari, idazle eta musikarik haren obraren hainbat alderdi jorratuko dituzte: poesiak, herri abestiak, sehaska abestiak edo aldarrikapenezkoak, besteren artean. Eta Imanolen piezak berregingo dituzte, bakarka, binaka eta taldean.
Imanol gogoan
56 urte zituela hil zen Imanol, baina ordurako bere aztarna utzita zuen euskal musikaren historian, bere ahots sakonari eta sentimenduz betetako letrei esker. Imanolek bere ekoizpen lan paregabearen partaide bilakatu gintuen, ‘Lau haizetara’, ‘Poeta kaxkarra’, ‘Baionatik Bilbora’, ‘Zure tristura’, ‘Nere euskaltasuna’, ‘Mendian gora’ edo ‘Barne kanta’ bezalako abesti ahaztezinen bitartez.
Bere ibilbidean poeta handiak izan zituen beti ondoan, eta bere abestietarako letrak idatzi zituztenen artean Jon Mirande, Xabier Lete, Joseba Sarrionandia, Patziku Perurena, Juan Mari Lekuona, Koldo Izagirre eta Mikel Arregi aipa ditzakegu, beste askoren artean.
Sarrerak 7 eta 16 euro bitartean salgai daude jada: www.teatroarriaga.com