Patxi Zubizarreta eta Miren Agur Meabe elkartuko ditu ‘Eztabaidak literaturarekin’ ekimenak

uriola.eus 2014ko abe. 16a, 08:52

Bi idazleak euskal literatura eta, batez ere, euskaraz idatzitako literatura norantz doan argitzen ahaleginduko dira gaur, asteartea, 19:30etatik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan.

‘Euskal Literatura nora zoaz?’ izeneko topaketa urteko azkena izango da. Juanra Madariaga filologo, idazle eta kazetariak moderatuko du, eta euskaraz izango da. Moderatzaileak hainbat gauzetaz galdetuko die bi gonbidatuei: krisi ekonomikoak kulturan eta literaturaren sorkuntzan izan duen eraginari buruz; euskaraz egiten den literaturari aurreikusten dioten etorkizunaren inguruan; Euskal Herritik kanpo bide berriak zabaltzeko aukerarik ote dagoen; edo euskaraz egindako testuak merkaturatzeko dauden zailtasunei buruz.

Jende aurreko solasaldien bitartez literaturako zenbait irudirengana hurbiltzeko helburua dute Kultura eta Hezkuntza Sailaren ‘Eztabaidak literaturarekin’. Bidebarrieta Kulturgunea programa barruan dago, eta liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena helburu nagusi dituen kulturari eskainitako gunea da.

Eztabaida guztiak asteartetan izaten dira, hilero, ordu berdinean. Bertan, espezializatutako kazetari bat aritu ohi da ekitaldiaren aurkezle eta gidari gisa. Urtarrilean bere zortzigarren edizioa hasi zuen ekimenak eta 2007tik hainbat eta hainbat idazle bikoteen arteko elkarrizketak jaso ditu, Etxenike, Ruper Ordorika edo Toti Martinez de Lezearenak adibidez.