Dendarikaleko Maison 13 etxe okupatua hustu du Ertzaintzak

uriola.eus 2014ko abe. 11a, 15:10

Goizeko 09:30ak aldera hasi da Ertzaintza zazpi kaleetako eraikina husten. Barruan 8 lagun zeuden eta horietatik 4, balkoietan binaka kateatu dira. 14:00ak aldera lortu dute gazte guztiak ateratzea eta eraikina hormatzeari ekin diote. Goiz osoan zehar, dendarikale inguratzen duten kale-kantoi guztietara jendetza hurbildu da Maison 13n zeuden gazteei babesa helaraztera. Gaur, arratsaldeko 18:00etan, manifestazioa abiatuko da Etxebarrieta plazatik, Maisonen hustea salatzeko.

Lau orduz erresistentziari eutsi ondoren, eguerdiko 14:10ean, Maison 13 etxe okupatua hormatzeari ekin diote. Goizeko 09:30ak aldera, sare sozialen bidez eman dute abisua bertako lagunek; Ertzaintza eraikinaren kanpoaldean zegoen. Gutxira, inguruko kale-kantoiak jendez betetzen hasi dira "Okupazioa delitua bada, gora delinkuentzia" bezalako oihuen artean.

Eraikinaren barrualdean 8 lagun egon dira hasieratik. 10:45an, lehenego laurak kaleratu dituzte eta gainontzekoak, binaka, kateaturik egon dira goiz osoan zehar, hirugarren eta laugarren solairuetako balkoietan. 11:45an, hirugarren solairuan zeuden bi gazteak kaleratu dituzte; haiengana heltzean, eskumuturrak lotzen zizkien katea askatu egin baita. Beste biek, 14:00ak arte iraun dute kate eta plastikosko tutu batekin, balkoi batetik bestera, eskuak lotuta. Hauek askatzeko, segurtasun indarrek suhiltzaileen laguntza behar izan dute. Maisoneko sare sozialetan jakin denez, alkatetzatik jaso dute bertaratzeko agindua suhiltzaileek; hala ere, aginduari ezezkoa eman diote eta ondorioz, espediente bat irekitzeko mehatxua egin dietela azaldu dute.

Dendarikalera heltzean, suhiltzaileek, katerik moztuko ez zutela argitu dute baina azkenean, balkoian kateatutako lagunek eskatuta, egitea erabaki dute. Bi gazteek ordu asko eman dituzte bertan eta eskuetan mina zeukaten.

Azken bi lagunak eraikinetik aterata, liskarrak sortu dira Alde Zaharreko kaleetan. Poliziak 10 lagun inguru identifikatu ditu eta atxilotu bat egon daitekeela diote sare sozialetan. 18:00etan, manifestazioa hasiko da Etxebarrieta plazan, Maison 13ren hustea salatzeko.