Joglars Arriaga helduko da datozen egunetan 'VIP' lanarekin

uriola.eus 2014ko abe. 15a, 09:30

Antzezlanak gizarteak umeekin duen tolerantzia kritikatzen du, tirano txiki bilakatu arte, VIP (Very Important Person) berriak bilakatu arte. Arriagan ikusgai egongo da abenduaren 17tik hilaren 20ra. 

Benetako munstroak sortzen ari gara? Gure seme-alabak larregi babesten ari al gara, horrenbesteko arreta eskainiz? Galdera horiek eta antzeko beste batzuk egiten ditu Joglars konpainiak, VIP proposamen eszeniko berrian. Lan horrekin helduko da asteazkenean, abenduaren 17an, Arriaga Antzokira, lau emanaldi eskaintzeko, egunean bat, arratsaldeko 20:00etan, larunbatera, abenduaren 20ra, arte.

Ramon Fontsere, Joglars konpainiaren zuzendaria, da lan horren zuzendaria, eta baita egilea ere, Martina Cabanasekin batera. Fontsere bera da antzezle taldearen burua, eta berarekin arituko dira Pilar Saenz, Dolors Tuneu, Xavi Sais eta Xevi Vila.

VIP siglek Very Important Person kategoria adierazten dute eta, antzezlanak salatzen duenez, hori da umeak egungo gizartean lortu duena, azkenaldian izaki pribilegiatua baita, gure bizitzeko era modernoan behintzat.

Hezkuntzak zein helduen munduak umeekin izan duten harremana aldatu egin da historian zehar. Bitxia bada ere, gurasoen asmo oneko jarrerak, eurak izan ez zuten erosotasuna seme-alabei eman nahi horrek, sarri askotan umea izaki jasanezin, tirano txiki, bilakatzen du. VIP lanak, gaur egun hain zabalduta dagoen jokatzeko modu horren irakurketa satirikoa eskaintzen du, zalantzak planteatzen ditu, eta txikienen aurrean hainbeste aldiz amore ematen duen gure gizarte horri buruzko gogoeta egitera gonbidatzen ditu ikus entzuleak. 

Horretarako, Joglars konpainiak, Arriaga Antzokira hurbiltzen diren ikus-entzuleak harrituta utziko dituen zeremonial itxurako eszenan jartzea planteatzen du. Beraz, Kataluniako antzerki talde beteranoa itzuliko da, Ramon Fontsereren zuzendaritzapean bizi duen etapa berrian, baina bere betiko funtsarekin eta umore garratz eta lotsabakoarekin.

Sarrerak 8,50 eta 25 euro artean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.