Bilboko Udalaren Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak Doctor Deseo eta Luber Jack taldeekin itxiko du 2014ko 'Conversaciones con Sostenido' zikloa, abenduaren 17an, arratsaldeko 20:00etan, Bilborocken.
Doctor Deseo taldeak letra eta soinu azidoak dauzka eta eszenaratze sendoa kontzertuetan. Gaur egun, estatuko panoraman finkatuen dagoen Euskal Herriko rock taldeetako bat da. Hamahiru LP eta abesti-sortaren bat dauzkate merkatuan eta grabatzen eta emanaldiak eskaintzen jarraitzen dute, nekaezin. Euskal Herriko diskoetxe eta banatzaile ospetsuenetatik igaro dira.
Luber Jack hegoaldeko kutsua daukan rock and roll talde bat da; 2011n sortu zen Bilboko Santutxu auzoan. Talde honek estatuko maila handiko musikariekin grabatu du eta estatuan oihartzun handiko CD batzuk atera ditu.
Ziklo honek jarraipena izango du 2015ean eta Euskadiko musikaren eszenatokian erreferenteak diren hainbat musikari bilduko dira, haien eskutik haien esperientzien eta musikaz duten ikusmoldearen berri edukitzeko topaketetara joaten diren gazteek. Aurrez aurre egongo dira artistak eta gazteak eta musikaz hitz egiteko eta esperientziak trukatzeko aukera izango dute, horixe baita programaren helburua.
Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak ziklo honen bidez urrats bat aurrerago eraman nahi du Bilborock aretoa. Bilborocken eszenatokian ezagunak diren musikariak ez ezik, musikari berriak, hasten ari direnak eta musikazaleak ere egongo dira. Bilborock musikaz blai egongo den topalekua izango da, modu atseginean eta hurbilean elkarrekin egoteko eta formatu guztietako musikaz gozatzeko lekua.
'Conversaciones con sostenido' zikloko saioetan musika-estilo bereko profesional bat eta amateur bat egongo dira, txanponaren alde biak aurrez aurre edukitzeko. Formatu honen bidez euskal panoramako izenik handieneko taldeak erakarri nahi dira eta Bilborock aretoari formatu berri honen bidez musikaren munduan prestigioa eman. Hil bakoitzeko bigarren eguaztenetan izango dira saioak, 20:00etatik 21:30era.