La Viuda Alegre musikalak, Arriaga Antzokiak denboraldi honetarako prestatu duen ekoizpen lan nagusiak, bere antzezleen taldea osatu du. Eta protagonista Natalia Millan izango da, gaur egun oso ezaguna, Velvet telesailean egiten ari den lana dela eta, edo El internado edo Amar en tiempos revueltos bezalako beste telebistako lan arrakastatsuetan egindakoarengatik. Natalia Millanekin batera, maila altuko artista taldea osatuko dutenak hauek izango dira: Antonio Torres, Silvia Luchetti, Guido Balzaretti, Enrique Viana eta Jose Manuel Diaz.
Natalia Millanek Hanna Glawari antzeztuko du, hau da, Franz Lehár konposatzaile austriar-hungariarraren musika duen hiru ekitaldiko opereta ezaguneko “alargun alaia”. Arriaga Antzokiak, iraulketa handia emanez, glamourrez eta dibertsioz betetako musikal handi bilakatuko du lan hau, gaztelaniaz eskainiko dena.
Natalia Millani buruz berba egitea lehen mailako artista bati buruz aritzea da, esperientzia handiko antzezle, abeslari eta dantzari gisa 30 urte baino gehiagoko ibilbidea egindakoa antzerkian, zinean eta telebistan. Bere aztarna jaso duten proiektuen zerrenda oso luzea da. Lan gehien eszenatoki gainean egin du, zuzendari handien esanetara, Mario Gas (dantzari Frank V lanean), Adolfo Marsillach (dantzari La gran sultana lanean eta antzezle Fuente Ovejuna-n) edo Ana Diosdado (La última aventura). Horrez gain, oso musikal ezagunen protagonista ere izan da, Cabaret edota Chicago, besteak beste. Zinean ez du horrenbeste lanik egin, lau filmetan baino ez baitu parte hartu, baina azpimarragarriak dira Jose Luis Garciren Sangre de mayo edota Felipe Vegaren Nubes de verano filmetan egin zituen lanak. Telebistan, aipatutako telesailez gain, bere izena El súper, Policias edota Un paso adelante telesailetan ere agertu da, besteak beste.
Estreinaldia maiatzaren 13an
Ikuskizunaren ekoizpen tekniko konplexuaren ondorioz, La Viuda Alegre lanaren estreinaldia asteazkenera, maiatzaren 13ra, atzeratuko da. Horrela, emanaldiak maiatzaren 13, 14, 15, 16, 17, 19, 20, 21, 22, 23 eta 24an izango dira. Hori dela eta, estreinaldia ez da izango hilabete horretako 7an, hasieran aurreikusita zegoen bezala. Ondorioz, maiatzaren 7, 8, 9 eta 10ean programatuta zeuden eta bertan behera geratu diren saioetarako sarrerak erosi zituzten pertsonek, lanaren gainerako 11 funtzioetatik edozeinetarako sarrerengatik aldatu ahal izango dituzte edo, bestela, sarreren dirua itzuliko zaie. Aldaketa edo itzulketa egiteko epea zabalik dago jada, eta ohiko txarteldegi ordutegian egingo da.
Sarreren prezioa 12 eurotik, merkeena, 42 eurora bitartekoa izango da, maiatzaren 13, 14, 19, 20 eta 21ean, “ikus-entzulearen egunetan”, izan ezik. Egun horietan sarreren prezioa 9 eta 32 euro artekoa izango da.
Ikuskizun handia
La Viuda Alegre Arriaga Antzokiaren ekoizpen lan ikusgarria da. Eszenografia dotorea Daniel Biancorena da, eta figurinista lan bikaina Renata Schussheimek egin du. Ikuskizuna, ziurrenez munduko opereta ezagunena denean dago oinarrituta, antzerki musikalaren benetako paradigman, Franz Lehárren musikarekin eta Victor Leonen eta Leo Steinen libretoarekin 1905ean Vienan estreinatu zen La viuda alegre. Lan hori, aldi berean, Henri Meilhacen L’attaché d’ambassade komedian dago oinarrituta. Hasiera-hasieratik harrera izugarria lortu zuen lana da.
Arriaga Antzokiak ikuskizun hori musikal handi bilakatzeko egin duen apustuak, jende guztiarengana are eta gehiago hurbiltzeko aukera emango du, jende guztiak barre egiteko eta gozatzeko aukera izan dezan. Izan ere, argumentuaren lizunkeria, melodien edertasuna, mundu irrealaren lilura… direla eta, ikus-entzuleengan, emanaldi bakoitzaren ondoren zenbait ordu iraungo dituen aurpegiko irribarrea marraztuko duen lana da.
Sinopsi laburra
Zerbitzu diplomatikoen gainean badago uste bat, bertan ari direnek izan beharreko bertute bakarrak dena jasateko gai izango den gibela, eta ezeri buruz hitz egiten duten bitartean irribarre egiteko gai izatea direla, harrera ekitaldietatik enbaxadan egiten diren jaietara, eta dantzaldietatik goi mailako afarietara. Beharbada, La Viuda Alegre bezalako lanek irudi hori indartu egin dute. Bertan, Danilo protagonistak, Hanna gazte aberatsa seduzitzeko eta berarekin ezkontzeko eginbehar patriotikoa izango du, bere fortuna txikia ez dadin opereta printzerri txikitik irten. Danilo, printzerriak Parisen duen enbaxadako lehen idazkaria da. Eginbeharrak erraza dirudi, mutila oso ederra delako eta uniformeak are eta ederrago bilakatzen duelako, baina ez da uste bezain erraza izango, euren artean, gaizki amaitu zen aspaldiko maitasun istorioa dagoelako eta, maila bereko beste ezkongai batzuek ere helburu bera bilatzen dutelako. Goranahi nazkagarriak! Eta baita alarguna, izenburuak esaten duen bezala, oso alaia delako, eta inori ez diolako aurpegi txarrik jartzen. Bitartean, orkestrak baltsak joko ditu bata bestearen ondoren, eta xanpaina eta poza alde guztietan izango dira nagusi.