2014/12/04 - 2015/01/07 10:30
Bilboko Euskal Museoa eta Bizkaiko Jaiotzen Elkartea urte osoan aritu izan dira lankidetzan, aurtengo Gabonetan Euskal Jaiotza monumental eta argitsua aurkezteko Euskal Museoko klaustro enblematikoan. Bertara, zuzenean sar daiteke Gurutze kaleko 4. zenbakiko atetik edo Museoko ate nagusitik, Miguel de Unamuno plazan.
Jaiotza, Museoaren ordutegian, 2015eko urtarrilaren 7ra arte egongo da zabalik.
Euskal Jaiotza Euskal Herriko paisaian eta tradizioetan dago girotuta, eta herri-arkitekturako hiru adibide eder eskaintzen ditu: Zeberioko Etxebarria baserria (Jesus Haurraren Misterioa hartzen du atartean), Zeanuriko Emaldi baserria eta Mungiako Landetxo Goikoa (atarian, Olentzero dago zain, eserita). Horien inguruan, artzainak eta nekazariak euren eguneroko zereginetan dabiltza, eta, bitartean, emakumeak Laudioko Isusi auzoko iturrira doaz eta iruleak alai dabiltza dantzan, txistuaren soinuan.