Errege bezpera izanda, gaur, eguerdiko 12:00etatik aurrera, Plaza Barrian izango da ekimena. Opil zati eta txokolate edalontziaren prezioa 1 €uro izango da pertsonako, Bizkaiko Caritasen Haurtzaro Programara bideratzeko.
Pasa den urtean egin zen moduan, aurten ere “Lapiko Catering”-ek errege opil solidarioaren 200 zati inguru prestatuko ditu zeliakoentzat. Horiek egiteko, zeliakoentzat egokia den irina erabiliko da.
Errege opil erraldoi honen lehenengo zatia 12:00etan egingo da. Opil solidario honek 500 kilogramoko pisua edukiko du, 60 metroko perimetroa eta 25 zentimetroko zabalera. Opila egiteko lanetan 25 pertsonako lan-taldea dabil, Lapiko Catering-eko langileez eta Peñascal Koop. Elkarteko Ostalaritza Eskolako ikasle eta gozogintzako arduradunez osatuta. Berau prestatzeko, errezeta tradizionala jarraituko da, eta hauek izango dira osagaiak: 350 kilogramo irin, 130 litro esne, 100 kilogramo azukre, 75 kilogramo gurin, 250 dozena arrautza, 20 litro laranjondo-lore ur, 30 kilogramo fruta azukreztatu eta 20 kilogramo almendra birrindu, baita 20 kilogramo legamia ere.
Lehenengo zatia egiteko Bizkaiko politikari eta kirolari ezagunak egongo dira, eta ondoren, dastatu ahal izango da gozoki hau. 3.000 zati inguru banatuko direla aurreikusi da. Zati bakoitza txokolate katilu batekin emango da, Kaiku eta Baque enpresek emandako esne eta txokolatearekin egindakoa. Cafe Iruña Catering enpresak zerbitzatuko ditu. Opil eta txokolate edalontzien banaketa, eremuak antolatzeko lanak, Haurtzaro programarako dohaintzen bilketa eta abar egiteko Bizkaiko Caritaseko hamarnaka boluntario egongo dira.
Goiz osoan zehar KIDENDAren stand bat ere izango da eta salgai jarriko ditu Bidezko Merkataritzako produktuak. Proiektu hori Cáritas Bizkaia, Elizbarrutiko Misioak eta Alboan-ek laguntzen dute.
Caritas Bizkaia, Lapiko Catering eta Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkartearen helburu nagusia haurtzaroarekiko elkartasuna da. Horregatik, Caritas Bizkaiaren Haurtzaro Programari lagundu eta abenduaren 5ean Plaza Barrira hurbiltzeko deia egin nahi dute. Hala nahi dutenek, opila eta txokolatea banatzeko karpan jarriko diren itsulapikoetan eman ahal izango dute dohaintza. Bildutako dirua Eskola eta Gizarte mailan laguntza emateko Bizkaian dauden 24 Proiektuetara bideratuko da. Egun, Cáritas Bizkaiaren Haurtzaro Programaren barruan dauden proiektuak dira horiek. Proiektu horien bidez adin txikikoen gaitasun pertsonal, sozial, kognitibo eta hezkuntza eta familia mailako gaitasunak sustatu eta indartzen dira. Parte hartzen duten haur eta nerabeak 5 eta 16 urte bitartekoak dira, eta beren familiak arrisku edo desabantaila egoeran daude gizartean. Eskola eta Gizarte laguntza emateko Proiektu bakoitzean gizarte, eskola, familia eta aisialdi arloko gaitasunak lantzen dira.