Arriagak 'Una Casa de Muñecas' lana ekoiztu eta eszenaratuko du; Henrik Ibsenen testuen moldaketa

uriola.eus 2015ko urt. 7a, 10:30

Urtarrilaren 8, 9 eta 10eko emanaldiak arratsaldeko 20:00etan hasiko dira, eta igandekoa, abenduaren 11koa, arratsaldeko 19:00etan. Eszenatokian Enriqueta Vega, Ramon Ibarra, Josu Camara, Eneritz Artetxe eta Na Gomez antzezleak ikusteko aukera ona izango da. 

Arriaga Antzokiak Una Casa de Muñecas lan berria eskainiko du bihartik, ostegunetik, urtarrilaren 8tik, igandera, 11ra, bitartean. Arriagako Gelatxoen barruan eskainiko da, ikus-entzulearekin hurbiltasuna eta konplizitatea bilatuz. Antzezlana Arriaga Antzokiaren ekoizpena da, eta Pako Revueltasek zuzendu du, Henrik Ibsenen Casa de Muñecas jatorrizko laneko testuak moldatuz. Azpimarratu behar da dramaturgiaren arduraduna Angel Mirou dela, eta berau dela, baita ere, zuzendaritza laguntzailea.

Enriqueta Vega, Ramon Ibarra, Josu Camara, Eneritz Artetxe eta Na Gomez dira Una Casa de Muñecas lanaren antzezle taldeko kideak. Pako Revueltasen moldaketari esker, elementu batzuetan desberdintasunak erakusten ditu jatorrizko lanarekin alderatuz, baina emakumeek euren duintasunaren defentsan eta sexu berdintasunaren alde aurrera eraman zuten borrokaren sinbolo bilakatu zuen lanaren izpirituari eusten dio.

Gogoratu behar da Ibsenen jatorrizko lana Kopenhagen estreinatu zela 1879an, hau da, XIX. mendearen amaieran, eta eztabaida handia sortu zuela, lantzen zuen gaia zela eta: ustez zoriontsua den senar-emazte bikotea; Nora, emaztea, konturatzen da familian betetzen duen lekua erabateko mendekotasunekoa dela, eta denak ondo funtzionatzen jarraituko duela berak, emazteak, senarrak hainbeste atsegin duen ume jarrera horrekin jarraitzen duen bitartean soilik. Beraz, pertsona librea eta heldua izan nahi duela ikusi, eta familia uztea erabakiko du. Antzezlana amaitzean entzuten den ate zartakoa ez da oraindik eszenatokietatik eta kontzientzietatik desagertu. 

Antzezlana ikusteko sarrerak 8 eta 12 euro bitartean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.