Umetatik adiskide diren Rodo eta Dani polizia gazteek, euren bizitzetan betiko eragina izango duten zenbait gertakari biziko dituzte egun gutxiko epean. Ez da adiskidetasuna izango zalantzan egongo den bakarra, baita bakoitzaren balio eskala, eta ohorearen eta leialtasunaren esanahia ere. Roberto Alamo eta Sergio Peris-Mencheta antzezle handiek interpretatutako bi pertsonaiek, bakoitzak familiari buruz duen definizio berezia emango digute, eta baita haren izenean hartzen dituzten erabaki moral zalantzazkoak ere. Baina bakoitzak, etengabeko euria egin zuen egun apur haietan benetan gertatu zenari buruz gogoratzen duena ikusita, badirudi ez zela gauza bera gertatu…
Hori da, oso gainetik, Arriaga Antzokian, bihartik, alegia, ostegunetik, urtarrilaren 15etik, larunbatera, 17ra, eskainiko den Lluvia constante lanaren argumentua. Emanaldiak arratsaldeko 20:00etan hasiko dira hiru egunetan (15, 16 eta 17).
David Serranok zuzentzen du Lluvia constante antzezlan hau, berak egindako Keith Huff dramagile estatubatuarraren jatorrizko lanaren moldaketa. Ukitu klasikoa duen testu modernoa da, eta pertsonaia konplexuak, aberatsak eta erraz ezagutzeko modukoak bikain marrazten ditu; lehen unetik harrapatzen gaituen eta oso erritmo azkarrean garatzen den istorioa sortzen du.
Eszenan jartze osoa ia minimalista da, eta bi antzezle protagonisten antzezpen lan bikainaren aurrean ikus-entzuleek beste ezerekin arretarik galdu ez dezaten diseinatu da. Emanaldi honetako osagai garrantzitsuena hitza da, eta hitza Roberto Alamorena eta Sergio Peris-Menchetarena da. Azken hori gurekin egon zen Arriaga Antzokian duela denbora gutxi, iazko apirilean bisitatu gintuen Julio Cesar laneko antzezleen artean egon baitzen.
Antzezlan modernoa
Lluvia constante duela denbora gutxiko izenburua da, izan ere, 2006an ekoiztu baitzen New York Stage and Film’s Powerhouse Theater izenekoan. Lehenengo ekoizpen profesionala Chicago Dramatistsek egin zuen urtebete geroago, 2007an, eta ondoren Chicagoko Royal George Theatre izenekoak, 2008an. Broadwayen 2010eko irailaren 29an estreinatu zen, Schoenfeld Theatre antzokian, eta antzezleak Hugh Jackman eta Daniel Craig izan ziren, John Crowleyren zuzendaritzapean. Estreinatu zenean, musikala ez den antzezlan bati dagokionez Broadwayko asteko ikus-entzule kopuru marka gainditu zuen.