Eztabaidak edo elkarrizketak hilero egingo dira, asteartez, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Bertan, espezializatutako kazetari bat ekitaldiaren aurkezle eta gidari gisa aritzen da. Oraingo honetan Alicia San Juan kazetari espezializatua izango da ekitaldiaren gidaria.
Urteko lehenengo hitzordu honetarako, 'Eztabaidak literaturarekin' ekimenak emozioei eta eleberri beltzari buruzko solasaldia proposatzen digu, hainbat thriller egin dituen Victor del Arbolekin eta Vazquez Montalbanen berezko oinordekotzat hartzen den Carlos Zanonekin. Gero eta kalitate handiagoko lanak eskatzen dituzten irakurleen artean gero eta jarraitzaile gehiago dituen generoa da eleberri beltza. Eta urtarrileko gonbidatuek ezaugarri komunen bat badute, genero horretan egindako ibilbide aintzatetsia eta sariz betetakoa da, hain zuzen ere. Biek ere asko zaintzen dute euren pertsonaien soslaia, sentimenduak idazlanen funtsezko parte bilakatuz.
Victor del Arbolek (Bartzelona, 1968) aintzatespen ugari lortu ditu. Fernando Lara Sariaren finalista izan zen 2008an, El abismo de los sueños lanarekin eta ONCEk antolatutako Tiflos Eleberri Saria irabazi zuen 2006an, El peso de los muertos lanarekin. 2011n, hamar bat hizkuntzatara itzuli den eta Frantzian best sellerra izan den La tristeza del samurái argitaratu zuen. Lortu dituen sari ugarien artean, Lyongo Eleberri Beltz jaialdian Le Point argitalpen frantsesak emandako Europako eleberri beltz hoberenaren Le Prix du polar Européen izenekoa azpimarratu behar da.
Carlos Zanoni (Bartzelona, 1966) dagokionez, poeta, eleberrigile, gidoigile, artikulugile eta literatur kritikari da. Vazquez Montalbanen berezko oinordekotzat hartzen da, eta Yo fui Johnny Thunders lanarekin aurkitu zuen bere lekua eleberri beltzaren barruan. Zanonek hainbat poesia liburu idatzi ditu, eta lan horiek aintzatespen garrantzitsuak ekarri dizkiote. 2008an idatzi zuen lehenengo eleberria, eta 2009an Tarde, mal y nunca argitaratu zuen. 2012an No llames a casa lana heldu zen. Lan horrek Valencia Negra sariketako eleberri hoberenaren saria lortu zuen, eta Daniel Calpasoro euskal zuzendariak ditu zinera eramateko eskubideak.