BJM–Les Ballets Jazz de Montrealen dantza programa sexy, lehergarri eta originala

uriola.eus 2015ko urt. 23a, 09:13

Louis Robitailleren zuzendaritza artistikoarekin, hiru koreograforen pieza bana batzen dituen ikuskizuna eskainiko du BJMek Arriaga Antzokian gaur eta bihar. Errepertorio garaikideko konpainia garrantzitsuenetakoa da Montrealekoa. 

Ballet klasikoaren estetika eta beste dantza estilo batzuk batzen dituen dantza hibrido egitaraua edo, beste modu batera esanda, joera garaikideen sormenaren alderdia aztertzen duen, baina aldi berean estetika klasikoarekin konpromisoa duen estilo distiratsua eta adierazgarria. Hori da BJM–Les Ballets Jazz de Montreal taldeak eskainiko duena Arriaga Antzokian, gaur, urtarrilak 23 eta bihar, 24an, 20:00etan.

'Dantza hibrido' kontzeptua, hiru piezez osatutako egitarauaren ondorioz sortzen da: Cayetano Soto bartzelonarraren 'Zero in on'; Wen Wei Wang koreografo txinatarraren 'Night box'; eta Barak Marshall israeldar-amerikarraren 'Harry'. Fusioaren aldeko apustua ez da harrigarria, izan ere, BJM konpainia bat da, bai, baina baita ikerketa laborategia ere. 

Esan dezakegu hiru pieza horien bat egitearen emaitza, muntaketa lan artistiko ikusgarria, erritmo askokoa, sexya, lehergarria, originala, ikusterraza eta azpimarragarria dela, burutzapen lanaren bikaintasuna dela eta. Zuzendaritza artistikoa Louis Robitaillerena da. Horren esku adituak dira Kanadako talde artistiko hori 1988tik zuzentzen ari direnak.

Denbora horretan guztian, Robitaillek nazioarteko hainbat koreograforen lanak aurkeztu ditu: Mia Michaels, Trey McIntyre, Patrick Delcroix, Rodrigo Pederneiras, Mauro Bigonzetti, Annabelle Lopez Ochoa, Cayetano Soto eta Barack Marshall. Robitailleren iritziz, BJMren emanaldi bakoitzak helburu bat izan behar du: “BJMren bitartez, eguneroko bizimodua edertu nahi dut, zoriontasuna gehien behar den lekuetara eraman. Emanaldiaren amaieran nolabaiteko magia sentitzen dugunean, badakit zein motatako topaketa gertatu den”.

Les Ballets Jazz de Montreal taldea, nazioarteko fama duen errepertorio garaikideko konpainia da, eta proposamen honek erakusten du zergatik diren une honetan puntan dagoen dantza eta ballet taldeetako bat. Konpainia 1972an sortu zuten Geneviève Salbaingek, Eva von Gencsyk eta Eddy Toussaintek. Konpainiaren izenak jasotzen duen 'jazz' hori, gaur egungo gustuetara egokitutako ballet klasikoari buruzko erreferentzia da musika estiloa baino gehiago. BJMk, dantza eta ballet garaikideko mundu osoko artista garrantzitsuenetakoekin egiten du lan gaur egun. 

Sarrerak 12 eta 42 euro artean salgai www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

 

BJM – Les Ballets Jazz de Montreal

Zuzendari artistikoa: Louis Robitaille


'Zero in on'
Koreografoa: Cayetano Soto
Musika: Philip Glass

'Night box'
Koreografoa: Wen Wei Wang
Musika: Amute, Olaf Bender, The Steals & Grafiti, Giorgio Magnanensi, Max Richter, Paul Rogers, Victoria R. Senking

'Harry'
Koreografoa: Barak Marshall
Musika: Tommy Dorsey, Taraf Ionel Budisteanu, Balkan Beat Box, The Andrews Sisters, Anatol Stefanet, Dejan Petrovic, Sydney Bechet, Warsaw Village Band, The Hungarian Quartet, Goran Bregovic, Maria Callas, Wayne Newton