Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da, Goienkaleko 12. zenbakian, musikaria omentzen duen plakaren aurrean. Lore eskaintza egingo zaio eta ondoren hari laukoteko musikariak bere piezak joko dituzte.
Gora Somera Elkartea iaz sortu zuten. Elkartearen helburu nagusiak bisitari berriak erakarri eta kalea biziberritzeko asmoz, ospakizun, ekitaldi edota jai irekiak eta partehartzaileak antolatzea dira.
Juan Crisostomo Arriagaren bizitza eta obra
Juan Crisostomo Arriaga 1806ko urtarrilaren 27an jaio zen Bilboko Goienkaleko 12.ean. Bertan, jaiotze hau gogorarazten duen plaka bat ikus daiteke. Berriatuan organo-jotzaile izandako bere aita Juan Simon Arriagak erakutsi zion hasiera batean musika. Zer-nolako talentua zuen ikusirik, Faustino Sanzen (garaiko biolinista ospetsua) ikasle izatera iritsi zen, eta 11 urterekin konposatzen eta Bilboko musika elkarteetan jotzen hasi zen.
15 urte zituela Parisko École Royal de Musique et Declamation ikastetxean (Parisko kontserbatorioa) ikasten hasi zen biolina Pierre Baillotekin, harmonia François-Joseph Fétisekin eta kontrapuntua Luigi Cherubinirekin. Kontserbatorioan 4 urtez izan zen matrikulatuta, eta hango aktetan gordeta daude Juan Crisostomo Arriagaren notak eta haren lanari buruzko oharrak.
20 urte betetzeko egun gutxi falta zirela, 1826ko urtarrilaren 16an hil zen Juan Crisostomo Arriaga, dirudienez biriketako gaitz batek jota. 1977. urtetik, Parisko Saint Honoré kaleko 314.eko ateburuan haren heriotza gogorarazten duen oroigarri bat dago.