'Barealdi magikoa', bi burugogorren borrokatik sortutako duintasuna taula gainean

uriola.eus 2015ko urt. 29a, 08:15

Arriaga Antzokiak, Centro Dramatico Nacionalarekin batera ekoiztutako Tanttaka euskal antzerki konpainiaren lan berria jasoko du. Barealdi magikoa (La calma mágica gaztelaniaz) da, euskaraz zein gaztelaniaz eskainiko den antzezlana.

Barealdi magikoa lanaren euskarazko bertsioan arituko diren antzezleak Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Jose Kruz Gurrutxaga, Itziar Ituño eta Martxelo Rubio izango dira.

Berriz, La calma mágica lanaren gaztelaniazko bertsioaren antzezle taldea Sandra Ferrus, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Aitor Mazo eta Iñaki Rikarte antzezleek osatzen dute, guztiak ere ibilbide garrantzitsua dutenak, ez antzerkian bakarrik, baita zinean eta telebistan ere.

Hala izanik, Mireia Gabilondo eta Aitziber Garmendia bi bertsioetan arituko dira. Horrez gain, euskaraz eta gaztelaniaz pertsonaia desberdinak interpretatzen dituzte. Horrek argi eta garbi erakusten du egokitzeko duten gaitasuna.  

Lanaren lau emanaldi eskainiko dira, hizkuntza bakoitzean bi. Lehenbiziko biak euskaraz izango dira, eta ostegunean, urtarrilaren 29an eskainiko dira, bat goizeko 11:00etan eta bestea arratsaldean, 20:00etan. Gaztelaniazko funtzio biak urtarrilaren 30ean (ostirala) eta 31n (larunbata) daude programatuta, biak ere arratsaldeko 20:00etan.

Iñaki Salvador izan da Barealdi magikoa lanaren musikaz arduratu dena, eta eszenografia Alejandro Andujarrena da. Beste alde batetik, Barealdi magikoa lanaren testuak Harkaitz Cano idazleak itzuli ditu euskarara.

Sarrerak 6,50 eta 21 euro bitartean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

Antzezlanaren sinopsia

Oliverrek bizimodua aldatu nahi du. Lan-elkarrizketa batean, bere nagusi izango denak onddo haluzinogeno batzuk eskainiko dizkio. Hala, Oliver hasiko da ikusten etorkizunean ordenagailuaren aurrean lo geldituko dela, edota bezero batek mugikorrarekin burukadak ematen grabatuko duela. Oliverrek nahiko du bezeroak bideoa mugikorretik borratzea; bezeroak ez, ordea.

Bi burugogorren borrokatik sortu da duintasuna eta bizitzaren zentzua bilatzeari buruzko istorio hau. Iniziazioko bidaia honek Afrikara eramango gaitu, elefante arrosetara, maitasunera, obsesiora, bizileku-bortxatzeetara, ehizako eskopetetara, alkoholera, traiziora, lapurtutako ametsetara eta bizitzako ura ematen duten iturburuetara.

Denborak aurrera egin ahala, ametsek eta errealitateak balio bera hartzen dute oroitzapenen artean. Errealitatean gertatzen den guztia gerta zitekeenarekin nahasten da. Eta, errealitateak azkar uzten dienez tokia ametsei, iraganak etorkizunaren gero eta antz handiagoa hartzen du.