Dulce Pontesen kontzertua martxoaren 4ra atzeratu dute

uriola.eus 2015ko urt. 29a, 09:50

Artistak meniskoa eta lotailuak apurtu ditu, eta duela denbora gutxi egin diote ebakuntza. Hori dela eta, egun batzuetan atsedenaldia hartu beharko du.  Arriagako emanaldirako eskuratutako sarrerak programatutako egun berrian erabili ahal izango dira. 

Datorren asteazkenerako, otsailaren 4rako, aurreikusita zegoen Dulce Pontes abeslari portugesaren kontzertua hilabete atzeratuko da. Hori dela eta, Arriaga Antzokian eskainiko duen emanaldia 2015eko martxoaren 4an izango da. Antzokiak ez du inolako zerikusirik atzerapenarekin. Syntorama musika sustatzaileak jakinarazi duenez, abeslariak meniskoa eta lotailuak apurtu ditu. Horregatik ebakuntza egin berri diote, eta egun batzuetan atsedena hartu beharko du. Beraz, ezin izango du datorren asteko emanaldia eskaini.

Arriagak badaki “fadoaren erreginetako” baten emanaldiak oso ikusmin handia sortu duela, ia sarrera guztiak salduta egoteak erakusten duen bezala. Hori dela eta, "benetan sentitzen du ikuskizuna atzeratu behar izana" eta gertakari horrek ikus-entzuleen artean eragin ditzakeen eragozpenak.

Sarrerek martxoaren 4rako balioko dute

Otsailaren 4ko Dulce Pontesen kontzerturako eskuratutako sarrera guztiak martxoaren 4an erabili ahal izango dira. Hori dela eta, sarrera zuten eta kontzertura joan nahi duten ikus-entzuleek ez dute jada duten sarrera aldatu behar izango.

Halaber, sarrera duten baina egun berrian Dulce Pontes ikusi ezin edo nahi ez duten pertsonei, sarreraren truke ordaindutako dirua itzuliko zaie. Sarrerak txarteldegian edo Kutxabankeko zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi zituztenak Arriaga Antzokiko txarteldegietatik igaro beharko dira ostiraletik, urtarrilaren 30etik aurrera, eta euren sarreren dirua itzuliko zaie.

2015eko martxoaren 4ko kontzertura joan behar ez duten eta euren sarrerak Internetez erosi zituztenei, sarreren zenbatekoa euren banku kontuan itzuliko zaie zuzenean, kontzertura ez direla joan behar baieztatu ondoren.