Ekitaldia arratsaldeko 20:00etan hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan. Sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.
‘Now Or Never’ diskoa jazz-aren eta bluesaren emakume ahots handietan dago inspiratuta, diva klasikoenetan (Etta James, Sarah Vaughan, Nina Simone...), eta handienen pausoak jarraitu dituzten artista garaikideetan (Diana Krall, Eva Cassidy, Lisa Ekdahl edo Madeleine Peyroux, besteak beste) ere. Eider Saratxaga abeslari eta perkusionistaren ahots interpretazioa lehen planoan izanda –erregistro aniztasuna eskainiz, sentsualitateari eta dotoretasunari lehentasuna emanez–, abesti klasikoek taldearen kalitatea azpimarratzen dute.
Four Friends taldearen gainerako kideak Eneka Albizuk (gitarra), Iñaki Iraetak (gitarra), Fernando Iraetak (baxua) eta Jorge Gomez Abrisketak (bateria) osatzen dute. Guztiak hainbat talde ezberdinetan aritu dira banda hau sortu baino lehenago (La Secta, Naste Borraste, Chinaskis, Melt! eta abar).
Bandaren ibilbidea
Taldeak 90eko hamarkadaren erdialdean hasi zuen jotzen laukote instrumental gisa. Hasiera batean rock klasiko, blues eta swing bertsioak erabiltzen zituzten arren, jatorrizko lanen bat ere egin zuten. Berehala hasi ziren kontzertuak ematen Bizkaiko kluben/tabernen zirkuituan.
2003an argitaratu zuten bere lehen lana, ‘Bilbop’ izenekoa. Bertan nabaria zen jada gitarra garbietan oinarritutako soinu berezia, ukitu retroarekin eta swing airearekin batera. Mota guztietako ekitaldietan eskaintzen zituzten zuzeneko emanaldiak eskainiz, 3 urte geroago estudiora itzuli ziren ‘Dzanga’ diskoa grabatzeko. Zuzeneko emanaldiz osatutako beste 3 urteren ondoren, ‘Haruntzago’ grabatu zuten, euskarazko jatorrizko kantez osatutako bilduma, alegia.