Beste denboraldi batez, Lied Zikloa itzuli da Arriagako Gelatxoetara, eta bere bosgarren edizioa beteko du horrela. Gaur, asteartea, otsailak 3, Arriaga Antzokiko foyerrak David Alegret tenorearen eta Ruben Fernandez Agirre piano jotzailearen emanaldia jasoko du. Eurekin batera Daniel Bianco, Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoaren albokoa, arituko da, errezitatzaile gisa, kontzertuan.
David Alegret bartzelonarra gaur egungo tenore liriko-arin hoberenetakoa da, eta Europako eszenatoki garrantzitsuenetako batzuetan aritu da, Gran Teatre del Liceu, Sevillako La Maestranza Antzokia, Zuricheko Opera, Wiener Staatsoper, Hamburgische Staatsoper edo Bayerische Staatsoper aretoetan, besteak beste. Berarekin Ruben Fernandez Agirre maisua izango dugu. Bere birtuosismoaren eta pianoan duen gustu bikainaren ondorioz, goi mailako artista askorekin aritu izan da eszenatokian, Carlos Alvarez, Ainhoa Arteta, Maria Bayo, Gabriel Bermudez, Mariola Cantarero, Nancy Fabiola Herrera edo Jose Luis Solarekin, besteak beste.
Errezitaldia gaikako bi partetan banatuta egongo da. Lehenengoan, musikariek Lied munduaren goi mailako lana eskainiko dute: Dichterliebe (Poetaren maitasuna). 1840an Heinrich Heine poeta ezagunaren testuetan oinarrituta idatzitako Robert Schumannen lan ezagun hori, musika eta poesia erabat elkartzen dituen ahots alturako pieza bikaina da. Egileak heldutasun pertsonal garaian idatzi zuen, Clara Wieckekin ezkondu zen urte berean.
Bigarren partean, ikus-entzuleek bi artista katalanen lanez osatutako aukeraketa entzungo dute: Eduard Toldra (Villanueva i Geltru, 1895) eta Jordi Sabates (Bartzelona, 1948). Lehenengoa konposatzaile eta biolin jotzaile bikaina izan zen, ospe handiko orkestra zuzendari izateaz gain. Toldra, bere konposizio lanaren parte handia Liedaren munduari eskaini zion erabateko musikaria izan zen. 70 abesti baino gehiago idatzi zituen, gehienak katalanez, Garces, Catasus edo Maragall poeten testuetan oinarrituta, besteak beste.
Jordi Sabates, bere aldetik, jazz piano jotzaile eta zine konposatzaile garaikide ezaguna da. Abestiak ere idazten ditu, eta horietako batzuk emanaldi honetan entzungo ditugu.
Sarrerak 8 eta 12 euro artean salgai www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.