Suitza balletaren sorlekuetako bat da Europan eta, gaur egun Zuricheko Balleta herrialde hartako talde garrantzitsuenetakoa da. Arriaga Antzokiak talde horren bisita jasoko du datorren asteburuan, otsailaren 6an eta 7an, larunbatean eta ostiralean, dantzaz eta balletaz gozatzen duten ikusleen gozamenerako.
Zuricheko Balletak Woyzeck lana aurkeztuko du, Georg Büchner (1813-1837) idazle eta dramagilearen izen bereko drama ezagunaren zati batean oinarritzen den ikuskizuna. Bizitza laburra izan zuen arren, XIX. mendeko Alemaniako idazle hoberenetakoa bilakatu zen. Woyzeck, pertsonaiak langile klaseko kideak zituen alemanez idatzitako lehenengo literatur lana izan zen, eta, utzi zituen zatietan oinarrituz berregin ondoren, egilea hil ondoren argitaratu zen. Izan ere, modu ofizialean “amaitu gabetzat” hartzen da, zatien ordena gaur egun ere arazoa delako filologoentzat, eta eszena batzuen bertsio bat baino gehiago ere badagoelako.
Woyzeck balletak, bere gainean daudenen aldetik tratu umiliagarria eta arbitrarioa jasaten duen soldadu xume baten gorabeherak kontatzen dituen lanaren zatia jasotzen du. Beste soldadu batek Marie bere maitearekin, bere semearen amarekin, harremanak dituela jakitean, eztanda egiten du, eta, erabat jeloskor, maitea labanez hiltzen du.
2012tik Zuricheko Balletaren zuzendaria den Christian Spuck koreografo alemanak Büchnerren Woyzeck lanaren izpiritua jaso du, eta bertako hizkuntza lakoniko eta metaforikoa indar handiko irudi koreografia bilakatu du. Ikusmenaren aldetik duen indar handi horrek ikuskizunaren lehen unetik harrapatuko du ikuslea. Horrez gain, Martin Donnerren, Philip Glassen, György Kurtágen eta Alfred Schnittkeren musikak sentsazio gorabehera handia eragingo dio ikus-entzuleari, erritmoz betetako uneak eta eszena iradokitzaileagoak txandakatzen baititu. Ballet eta musika nahasketa kitzikagarria, dantzariei aukera zabala eskaintzen dien Emma Ryottek sortutako oso eszenografia praktikoan garatzen da.
Junior Ballet-aren ekarpena
31 kide dira Zuricheko Balletak aurkezten duen Woyzeck lanean agertzen direnak, bederatzi pertsonaia protagonistak, bost soldadu eta ikasleak, sei bikoteak eta bost danborrak barne. Horien artean Junior Balleteko bost dantzari daude. Talde hori 2001ean sortu zen, Zuricheko Balletetik independentea den baina harekin erlazionatuta dagoen erakunde gisa, eta bere helburua talentudun dantzari gazteak bultzatzea da. Dantzari horiek Zuricheko Balletarekin batera prestatzen dira epealdi batez, eta ballet horrek egiten dituen emanaldietan ere intregatzen dira, haren errepertorioaren jarduketa aukeratuetan, Arriaga Antzokian eskainiko dituzten bietan, adibidez.
Sarrerak
Ikusikizunerako sarrerak 12 eta 42 euro bitartean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.