'Gure gida'-ren lanketa praktikorako lansaioa joan den abenduaren 6an abiarazi zuten Durangon. "Oso positiboa" izan zen, izan ere, 110 pertsona inguru batu ziren bertan, "herrietako hezkuntza bilguneak, eragileetako ordezkariak eta baita herritarrak ere". Euskal Hezkuntzak dituen "mehatxuei aurre egiteko grina argi eta garbi erakutsi" zuten, eta "gure hezkuntza ereduaren gainean eztabaidatu" zuten. Solasaldi guzti horien ondorioekin, joan den larunbatean Bilbon, La Bolsa auzo etxean aurkeztu zuten txostena osatu zuten.
Txostena "argia" da: "LOMCEri aurre egiteko neurri zehatzak proposatzen ditugu". Baita "bestelako hezkuntza eredu herritarrago eta parte-hartzaileago baten bidean" urratsak emateko gakoak. Lau bloke nagusi bereizi ditu Hezkuntza Plataformen Topaguneak, "modu errealean aurtengo ikasturtean aplikatzen ari zaizkigun neurriei aurre egiteko". Hurrenez hurren, lau blokeak honakoak dira: parte-hartzea, pedagogia eta curriculuma, ebaluazioak eta arlo administratiboa.
Parte-hartzea
Helburua partaidetza kolektiboan oinarritutako parte-hartze eredu berriak sortzea da. Bertan, eskola komunitatea osatzen duten sektore guztien arteko elkarlan orekatua bultzatuz eta erabakigune lotesleak sortuz. Topaguneak proposatzen du LOMCEk dakartzan aldaketak "ez gauzatzea". Horrela, "guk nahi dugun ereduaren arabera funtzionatu ahalko dugu".
Pedagogia eta curriculuma
Pertsonen garapen integrala bermatzen duen pedagogia dute helburutzat. "Baita herritik eta herriarentzat Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzat izango den curriculum propioa". Ikasgai konkretuei dagokionean, "orain arte bezala jarraitzea da proposatzen duguna, alegia, batetik 'Ingurune' ikasgaia bitan ez banatzea, eta bestetik 'Balio zibiko eta sozialak' edota 'Erlijioa' ikasgaiari dagokionean ez ebaluatzea. Baita Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat ekoitzia ez dagoen materialari uko egitea, alegia, gure bitarteko propioak erabiliko ditugu".
Ebaluazioak
Are "argiago" dute bloke honetan egin beharrekoa. Ikaslearen garapen osoa kontutan hartuko duen etengabeko prozesua lehenesten dute. "Inposaketarik gabeko ebaluazio sistema propioa". Proposatzen dutena, "zuzenean, 3. mailako ebaluazio diagnostikoari uko egitea da".
Alor administratiboa
Bloke honetan hartu beharreko neurria DAE "gure hezkuntza proiektuaren arabera betetzea" dela irizten diote.
Herriaren dokumentua
Dokumentua bera Hezkuntza Plataformen Topagunea osatzen duten hezkuntza bilguneen artean zehaztu badute ere, "beti bezala", gainontzeko ikastetxe, bilgune, plataforma, eragile eta herritarrei luzatu diete ekarpenak egiteko aukera. "Guk proposatutakoa LOMCEri aurre egiteko gako zehatzak dira. Orain, norberak bere errealitateari egokitua hoberen datorkion gisara landu beharko du. Gure dokumentua herriaren dokumentua izatea nahi dugu eta hala aurkezten dugu". Edozein momentutan, Hezkuntza Plataformen Topagunearekin harremanetan jartzeko aukera dago, "kezka, zalantza edota ekimenak partekatzeko". "Hezkuntza sare bat gara eta horrela izaten jarraituko dugu. Herri baten egiten denak beste bati balioko dio eta horregatik elkartrukea etengabean sustatzen jarraituko dugu".
Eraikuntza proiektuen bira
Euskal Herriko txoko ezberdinetan dauden hezkuntza proiektu eraikitzaileak saretzea du xede Hezkuntza Plataformen Topaguneak. Honetarako, Hik Hasi aldizkari pedagogikoarekin elkarlanean, hainbat herritako esperientziak zabaltzeari ekin dio. Bira horren lehenengo urratsa Aramaion eman zuen Orioko herri curriculumaren esperientzia partekatuz. Santurtzin edota Hernanin izango dira hurrengo asteetako zitak. Horrela, "Hezkuntza Sistema Propioa herritik herrira gure hezkuntza ehuntzen eraikitzen jarraituko dugu".
Dokumentua ikusteko: http://issuu.com/hezkuntzaplataformatopagunea/docs/neurri_zehatzen_dokumentua
hezkuntzaplataforma.topagunea@gmail.com
www.hezkuntzaplataformatopagunea.blogspot.com.es