Aukeraketa naturala eta sexuen arteko desberdintasuna hizketagai Darwin Egunean

uriola.eus 2015ko ots. 10a, 12:10

Ambrosio Garcia Leal eta Maria Martinon Torres doktoreek parte hartuko dute, ostegunean, Darwin Eguneko zientziaren hedapenerako topaketan, Bidebarrieta liburutegian.

Charles Darwinen jaiotzaren 206. urteurrena ospatuko du datorren ostegunean, hilak 12. Darwin izan zen, Alfred Russel Wallacerekin batera, eboluzioaren teoriaren asmatzaileetako bat.

Egun horretarako Bidebarrieta Kulturguneak jende guztiari zuzenduta dagoen eta, ezinbestean espezializatuta egotea ezinbestekoa ez den arren, ezaugarri nagusi gisa "zorroztasun zientifikoa eta profesionaltasuna dituen" Darwin Eguneko programaren bederatzigarren edizioa antolatu du. Horrela, ohikoa denez, zientziaren hedapenerako topaketa egingo da eta, bertan, ospe handiko bi doktore eta zientzialarik aukeraketa naturalari eta sexuen arteko desberdintasunari buruz hitz egingo dute.

Hitzordua ostegunean, otsailaren 12an, izango da, 19:00etan, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte. 

 

Topaketa zientifikoa

Konferentziak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira, Ambrosio Garcia Leal biologo, Zientziaren Filosofian doktore eta idazle zientifikoak emango duen 'Selección sexual: la evolución de las diferencias entre los sexos' hitzaldiarekin. Hitzaldi horretan aukeraketa naturalaren ondorioz arrak eta emeak euren morfologiaren, fisiologiaren eta jokaeraren arabera bereizten direla azalduko da. Bereizketa horiek espezieek, gizakiek barne, ugalketarako dituzten estrategia desberdinekin daude erlazionatuta.

Azken urteetan, Bartzelonako Unibertsitate Autonomotik Filosofian doktore den biologo horren interesak Biologiaren Filosofiara bideratu dira, sexuaren bilakaerak Darwinen teoriarako planteatzen dituen arazoetara, batez ere. La conjura de los machos, El sexo de las lagartijas eta El azar creador, liburuen egilea da. Guztiek ere kritikaren aipamen bikainak jaso dituzte.

Ondoren, Maria Martinon Torres Medikuntza eta Kirurgia doktore eta paleoantropologoaren txanda izango da. 'Neandertales. ¿Crónica de una muerte anunciada?' izeneko hitzaldian azalduko du orain arte neandertalei buruzko eztabaida haien jomugaren eta haien desagerpenaren arrazoietan zentratu dela. Hala ere, Atapuercako Hezurren Leizean izandako aurkikuntzen ondoriozko azken ikerketak direla eta, arreta neandertal horien jatorrira eta kontinentean leinu bat baino gehiago bizi izanaren aukerara bideratu da. Garai hartan Europako klimak izan zituen gorabehera gogorrek ondorioak izan zituzten, eta adimenduna izateaz gain ikuspegi fisikotik ondo egokituta zegoen giza espeziearen desagerpena eragin zuten. 

Martinon Torres Atapuercako taldeko kidea da 1998tik, eta une honetan Centro Nacional de Investigación sobre la Evolución Humana (CENIEH) izenekoaren Hortzetako Antropologiaren ikerketa taldearen arduraduna da.

 

Darwinen Eguna

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Zirkulu Eszeptikoaren artean antolatutako ekimena da, El Correo egunkariaren, Aula Espacio Gelaren eta Bizkaia Fundazio Biofisikoaren laguntzarekin. Bilboko Udalak Charles Darwinen jaiotza ospatzen duen bederatzigarren urtea da hau. 2007tik zientzia eta hedapen alorreko pertsona ezagunek hartu dute parte, Francisco J. Ayalak, Pilar Carbonerok edo Manuel Tohariak, besteak beste, eta, ondorioz, ezinbesteko hitzordu bilakatu da zientzia eta kultura zale guztientzat.

 

Agenda - Otsailak 12 - Darwin Eguna

19:00 'Selección sexual: la evolución de las diferencias entre los sexos', Ambrosio Garcia Leal, biologo, zientziaren filosofian doktorea eta dibulgatzailea.

19:45 'Neandertales. ¿Crónica de una muerte anunciada?', Maria Martinon Torres, Giza Eboluzioa Ikertzeko Zentro Nazionaleko (CENIEH) ikertzailea.  

20:30 Mahai ingurua