Blanca Portillo "benetako Mariaren azalean" jartzen da 'El testamento de Maria' antzezlanean

uriola.eus 2015ko ots. 11a, 12:00

Antzezlana Colm Toibin idazlearen testu batean oinarritzen da, eta Agusti Villarongak, Pa negre film sarituaren zuzendariak, zuzentzen du. Ostegunetik, otsailaren 12tik, igandera, otsailaren 15era, egongo da Arriagako karteldegian.

Blanca Portillori buruz behin baino gehiagotan esan da “eszenatokia betetzen duen” antzezle horietakoa dela, eta egia da, baina kasu honetan, gainera, esaldi hori bat dator errealitatearekin, Arriaga Antzokiko eszenatokian bihartik, ostegunetik, otsailaren 12tik, igandera, 15era, eskainiko den El testamento de Maria lanean bera delako antzezle bakarra eta, ondorioz, antzezlan horren erabateko protagonista. 

El testamento de Maria, erreferentzia gisa Colm Toibin egile irlandarrak idatzitako izen bereko eleberria hartzen duen antzezlana da eta, aldi berean, egile berak 2011n idatzitako antzerkiko bakarrizketan oinarritzen da. Toibinen testua bikaina da. Jatorrian Meryl Streepentzat idatzi  zuen, eta ondoren Fiona Shawek antzeztu zuen Broadwayen, arrakasta handiz. Orain guregana heldu da, Blanca Portillo antzezlearen ahotsaren eta irudiaren bitartez, Ama Birjinari buruz daukagun irudi zerutarretik oso urrun dagoen Maria erakusten digun ñabardura askoko bakarrizketa konplexua eskainiz.

Izan ere, El testamento de Maria izenburuak aipatzen duen Maria, Ama Birjina da, Jesusen ama eta, zahartzaroan, hiltzear dagoela, bere bizitzako uneak biziberritzen ditu, flash-backak balira bezala. Batzuk une ederrak dira, oso une gogorrak, besteak. Eta Efeson bizi duen erbestetik irudikatzen ditu, bertako gau bakarti eta luzeetan iraganeko mamu horiei forma emango balie, eta haiekin batera, benetan den emakume hori erakutsiko baligu bezala, eta ez gizateria guztiak bilakatu nahi izan duena, Jesus semearen jarraitzaileek barne.

Arriagatik azaldu dutenez, "bertsio ofizialetatik haratago doan antzezlan apurtzaileaz ari gara hizketan. Izan ere, gure sustraiak katolikoak dira, eta kultura kristauaren barruan hezi gaituzte, eta egunero sinbolo erlijioso askok inguratuta bizi gara: Gurutzea, Bihotz Sakratua, Gurutze Bidea… Sinbolo horiek leku guztietan daudenez, testuinguru gehien bat espiritualean, euren jatorri gizatiarra ahaztu egin dugu. Colm Tóibín horietako batean zentratu da: Ama Birjinarengan. Ama Birjinak bere egia ematen digu, semearen jarraitzaileek egindako ebanjelioetako testuen oso bestelakoa eta, alderdi askotan, haien kontrakoa. Izan ere, berarentzat ez baitago Jainkoaren semerik, bere semea, bere umea, baizik. Eta Blanca Portillo antzezlea hunkitu egiten da pertsonaia handi horrekin, eta ikus-entzuleak ere hunkitzea lortzen du".

Eszenatoki ostean

Obraren moldaketaz eta zuzendaritzaz Agustí Villaronga zuzendari, gidoilari eta antzezle mallorkarra arduratu da. Gainean 40 urteko ibilbidea eta aintzatespen ugari ditu, horien artean, Pa negre film arrakastatsua dela eta lortutako Zuzendaritza Hoberenaren eta Moldatutako Gidoi Hoberenaren Goya Sariak. Film horrek bederatzi sari jaso zituen, eta Espainiako Zinematografiako Arte eta Zientzia Akademiak atzerriko hizkuntzan egindako film hoberenaren Oscar sarietarako hautagai izateko proposatu zuen, 2012. urteko Oscar sarien LXXXIV. edizioan. Dena den, aurre-aukeraketan kanpoan geratu zen. Hala ere, Hollywood-eko sarietan Espainia ordezkatzeko izendapena lortu duen katalanez errodatutako lehenengo film gisa geratuko da betiko.

Eszenografia soila baina indartsua Frederic Amatena da, eta musika, Dead Can Dance bandako kide nagusia den Lisa Gerrard konposatzaile eta abeslari australiarrak konposatu du.

Sarrerak 8,50 eta 25 euro bitartean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.