Sarrionandiaren 35 urteko idazlanak aztergai Bilbo Zaharra Forumean

uriola.eus 2015ko mar. 3a, 07:30

Duela 35 urte hasi zen Joseba Sarrionandia idazten. Data esanguratsu honen aurrean, Bilbo Zaharra euskaltegiak martxoan hiru eguneko jardunaldiak antolatu ditu Sarrionandiaren lana aztertuko duten lau gonbidatu berezirekin; Maialen Lujanbio, Harkaitz Cano, Jesus Egiguren eta Joxe Azurmendi. 

'Joseba Sarrionandia, 35 urte idazten' jardunaldiak Euskaltzaindiaren egoitzan izango dira, Bilboko Plaza Barrian. Lehenengoan, gaur, martxoak 3, 19:00etatik aurrera, Maialen Lujanbiok eta Harkaitz Canok hartuko dute hitza.

Maialen Lujanbiok Arte Ederretako lizentziaduna da. Ikastolako bertso-eskolan hasi zen bertsotan, eta 15 urterekin ekin zion plazaz plazako ibiliari. Bertsotik abiatutako zenbait proiektu ere egin izan ditu: Ornitorrinkus, Txori Mugariak… 2009ko Txapelketa Nagusiko txapelduna.

Harkaitz Cano zuzenbidean lizentziaduna da. Mota guztietako lanak egin ditu: ipuinak, eleberria, poesia, kronikak, haur eta gazte literatura, bai eta itzulpenak ere. Euskadi Literatura Saria hiru aldiz jaso du; 2005ean eta 2012an, eleberri sailean; eta 2014an, haur eta gazte literaturan.

Bigarren hitzordua martxoaren 4an izango da, 19:00etan. Bertan, Jesus Egigurenek parte hartuko du. Egigurenek funtsezko zeregina izan zuen PSE-EEk eta Batasunako kideek izan zituzten bileretan. 2013ko apirilean, berak eta Batasunako bozeramaile ohiak, Arnaldo Otegik, Bakearen eta Berradiskidetzearen Aldeko Gernika Saria jaso zuten, "Euskal Herriko bakegintzaren alde egindako ekarpenagatik".

Azken saioa martxoaren 5ean izango da, 19:00etan hau ere eta Joxe Azurmendik parte hartuko du bertan. Botereak hasiera-hasieratik sarraskiak baino ez ditu eragin, bata bestearen atzetik. Irrazionaltasunaren kateaketa luze bat da historia. Moroak gara behelaino artean entseguaren bidetik abiatu eta Historia, arraza, nazioa liburuan oinarritutako hitzaldia eskainiko du. 

 

Bilbo Zaharra Forum