Abay elkarteak hainbat lankidetza-proiektu garatu ditu Etiopiako Walmara herrian, Addis Abeba hiriburutik ordubeteko distantziara, eta ekimen honen bitartez, inguru horretako bizi-baldintzak ezagutarazi nahi ditu, Etiopiako gazteen itxaropena eta bizizaletasuna aldarrikatuz.
Argazki-erakusketa La Bolsako erakusketa-aretoan dago ikusgai, lanegunetan 08:30etatik 21:30etara eta larunbatetan 14:00ak arte. Bilboko Udalak erakusketa-aretoaren lagapenaz parte hartu du ekimen honetan.
Argazkiak luma-kartoizkoak dira, 40x60 zentimetrokoak, eta kultur areto baten atarian, erakusketa-areto batean, ikastetxe batean eta antzeko lekuetan jartzeko moduko erakustokietan itsatsita daude. Erakusketarako aukeratu diren argazkiak anonimoak dira, irudietako protagonistak bezalaxe.
'Walmara, Etiopiako leku bat' erakusketa, Abay elkarteak landutako proiektu nagusien helburuko eskualdea ezagutzera emateko asmoz antolatu da. Walmara izeneko eskualde hau Etiopiako Oromia erkidegoan kokatuta dago. Abay-ren proiektuak Gaba Kemisa deritzon kebelean finkatu dira nagusiki. Addis Abebatik 70 kilometrora kokatuta dagoen arren, lurreko lekurik urrunena dirudi, baina bertan proiektuak bultzatzen edo bisita egiten egon garenok erabat liluratuta geratu gara, eta horregatik ezagutarazi nahi dugu erakusketa honen bitartez.
Erakusketa ibiltaria da, eta argazki berrien ekarpenaz berritzen da. Erakusketatik kendutako argazkiak Gaba Kemisako (Walmara) Abay Zentroko erakusketa iraunkorrari gaineratzen zaizkio, Etiopiako bizilagunen argazki-ondarea osatu eta erakargarritasun turistiko gisa erabiltzeko asmoz, Abay elkartearen proiektuak ezagutarazteaz gain.
Abay Elkartea 2008ko urriak sortu zen, seme-alabak Etiopian adoptatu dituzten hainbat gurasoren ekimenez, herrialde haren garapenean esku hartzeko asmoz.