Txinatar egutegiaren arabera, otsailaren 19an, 4.713. urteari hasiera emango zaio; txinatar horoskopoan egurrezko ahuntzari dagokion urteari.
Txinatar kulturaren ospakizunik garrantzitsuena da eta oraingo honetan, bostgarrenez, Qiao-Zubia kultur elkarteak horrekin bat egingo du; hiritarrei herrialde horretako kulturaren zati bat erakutsiz. Bigarren urtez, gainera, Euskal Herrian bizi diren txinatarren elkarteak ekimenean parte hartuko du euskaldunokin batera euren herriko tradizioetako bat modu publikoan ospatuz.
Pasaden urtean bi elkarte hauetaz gain, Bilbon txinera hizkuntza irakasten duten beste ikastegi batzuek ere parte hartu zuten ekitaldian. Aurten, Qiao-Zubia elkarteak aparteko esfortzua egin du eta talde ezberdinak uztartu ditu ospakizunean. Honi esker, JMA Ekialdeko Arte Martzialen Eskola eta ADI Metodoaren Eskolen parte hartzea ere izango da.
Eguerdiko 12:00etan jaialdiari hasiera emango zaio eta Qiao-Zubia elkartearen eta Asociacion de Chinos en Euskadiko kideen agurraren ondoren, arte martzial ezberdinen erakustaldia (kung fu, borroka egongo da, besteak beste. Gainera, Bizkaian txino hizkuntza irakasten duten bost ikasketa zentroetako ikasleek ere txinatar kantak abestuko dituzte ekitaldiak irauten duen bitartean. Ekitaldi publikoa bukatuta, elkarte guztietako kideek bazkari batekin jarraituko dute ospakizuna, non egun horretako plater tipikoak dastatzeko aukera izango dute.
Egitaraua
12.00. Dragoiaren dantza
12.10. Harrera eta aurkezpena. Lehoiaren dantza
12.15. Nihao China eskola
12.25. JMA Ekialdeko arte martzialen eskola: Kung Fu eta Tai Chi
12.35. La Casa del Chino de Barakaldo eskola
12.50. JMA Ekialdeko arte martzialen eskola: borroka arteak: Bu Dao eta ezpata
13.05. Musika guzhen tresnarekin ADI metodoa: Tai Chi
13.15. Asociación de Chinos en Euskadiko ordezkariaren agurra eta kantak
13.30. ADI: Yoga, Cardio Box, Kung Fu, akrobaziak
13.50. JMA Ekialdeko arte martzialen eskola: Tai Chi publikoarekin batera
Egurrezko Ahuntzaren urtea
Txinatar horoskopoaren arabera otsailaren 22an egurrezko ahuntzaren urtean sartuko gara. Zazpigarren aroa da hau.
Sinesmen hau jarraituz, ahuntza azkarra, argia eta zorrotza da. Adeitsua da eta ingurukoen gogoetara adi ibiltzen da. Eskuzabala, sentimentala eta bizitzarako moral zorrotza aurkezten du.
Antolatzaile eta laguntzaileak
Qiao-Zubia kultur elkartea eta Euskadiko Txinatarren elkartea (Asociación de Chinos en Euskadi) dira ekitaldiaren antolatzaileak.
Qiao-Zubiak urte osoan zehar lan egiten du txinatar kultura gure artean ezagutzera emateko eta herri horretako eta Euskal Herriaren arteko zubi kulturalak sortu eta jakintzaren partekatzea sustatzeko. Gure artean bizi diren txinatarrei laguntza eskaintzen die integrazioa ahalbidetzeko.
2008an jaiotako elkartea da, txinatar eta euskaldunen arteko loturak sustatzeko eta elkarren arteko kultur berezitasunak partekatzeko sortua. Egun 50 lagun inguru izanda, euskaldunez eta baita gure artean bizi diren txinatar jatorrizko lagunez osatzen da. Familia mistoak ere daude bertan, euskaldun eta txinatarrak, bertokoak izanda txinatar jatorria duten seme-alabak dituztenak.
Qiao-Zubiak urte osoan zehar ekitaldiak antolatzen ditu eta inguruko beste elkarteekin hartu emanak izaten dituzte: jardunaldiak, irteerak eta horrelakoak antolatuz. Guztiak harreman kulturalak estutzeko eta kanpotik etorri izan direnak gure artean gizarteratzen laguntzeko helburuekin.