'Euskal Herriaren burujabetza energetikorantz joateko gida' aurkeztuko dute Bilbon

uriola.eus 2015ko ots. 18a, 08:30

Udalbiltzako Euskal Garapen eta Kohesio Fondoak zenbait ekitaldi antolatu ditu azken hilabeteetan Euskal Herri osoan, 'Euskal Herriaren burujabetza energetikorantz joateko gida' aurkezteko. Gaur, hilak 18, Bilbon, Ekoetxean, aurkeztuko dute, 19:30ean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Udalarekin eta Zazpiak bat elkartearekin elkarlanean egindako ikerketa lana da 'Euskal Herriaren burujabetza energetikorantz joateko gida, Xabier Zubialdek zuzendua, eta udaletxeetan abian jar daitezkeen jardunbide onen katalogoa biltzen du.

Aurkezpenean gidaren eduki batzuk aipatuko dira eta bestalde, Euskal Herriko udal batzuetan aplikatzen ari diren esperientzia zehatzak aztertuko dira. Euskaraz eta erdaraz mintzatuko dira hizlariak.

Bilbon, aurkezpena gaur, otsailak 18, 19:30ean Ekoetxean. Honakoek parte hartuko dute: Xabier Zubialde, gidaren egilea, Igor Aldalur, Eibarko zinegotzia eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondoko kidea, Iñaki Barcena, Ekologistak Martxan mugimenduko kidea eta Goieneren ordezkari bat.

Ekimen hau Euskal Garapen eta Kohesio Fondoaren 'Energia burujabetza 2014-2019' programan sartua da, eta, haren bidez, udal hautetsien biltzarrak lehendabiziko urratsak egin nahi ditu subiranotasun eta efizientzia energetikoak lortzeko bidean, bai eta udaletan nahiz herrietan sinergiak sortu ere energia berriztagarrien ekoizpenaren inguruan. Horretarako, Udalbiltzak lankidetza hitzarmenak izenpetu ditu GoiEner eta Energia Gara (Som Energia) kooperatibekin eta I-Ener enpresarekin.

 

'Euskal Herriaren burujabetza energetikorantz joateko gida'