'Baso bat opari' pintura-musika errezitaldia estreinatuko dute Arriagan

uriola.eus 2015ko ots. 23a, 09:00

Emanaldia gaur, otsailak 23, izango da eta Miren Agur Meabek eta Arantza Irazustak eskaini behar zuten Gelatxoa ordezkatzen du, bigarrenaren osasun arazoak direla eta bertan behera geratu baita.

Patxi Zubizarreta, Mintxo Cemillan, Joserra Senperena eta Antton Valverde izango dira Arriaga Antzokiak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak bultzatutako 'Literatura eta musika euskaraz' zikloaren barruan egingo den hurrengo Arriagako Gelatxoaren protagonistak. Horrela, Arriaga Antzokiko foyerrak Baso bat opari lanaren estreinaldia jasoko du gaur, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Protagonistek, "pintura-musika errezitaldi" gisa definitu dute proposamen hori.

Ikuskizunak, hasiera batean gaurko programatuta zegoena ordezkatuko du. Miren Agur Meabe idazleak eta Arantza Irazusta abeslariak eskaini behar zuten ikuskizuna bertan behera geratu da, azken horren osasun arazoak direla eta.

Baso bat opari literaturatik eta kulturatik egiten den ibilbidea da, eta hainbat arte lengoaia fusionatuz sortzen da. Horrela, Baso bat opari lanean, Patxi Zubizarretaren hitzak zuzenean elkartuko dira Joserra Senperenaren musikarekin, Antton Valverderen ahotsarekin eta Mintxo Cemillanen pinturarekin, guztien artean sorkuntza lan desberdina eskaintzeko ikus-entzuleari, sentitzeko, igeri egiteko, hegaz egiteko... proposamena.

Sarrerak 8 eta 12 euro bitartean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

Sinopsia

Rilkek esaten zuen bizitzarako egokiak diren organoak falta zaizkigula, eta hegaz egin nahi duten arrainak baino ez garela. Baina, beharbada, literatura izan daiteke behar dugun organo hori, gure gorputzetik kanpo dagoen arren; beharbada, literaturak igeri eta hegaz egiteko aukera eman diezaguke.