Nancy Fabiola Herrera mezzosopranoak errezitaldia eskainiko du Arriagan

uriola.eus 2015ko ots. 24a, 09:30

Artista kanariarra otsailaren 26an, ostegunean, arituko da Arriaga Antzokian, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Ruben Fernandez Aguirrek pianoan lagunduta. 

Espainiako lirikak azken hamarkadetan eman duen ahots garrantzitsuenetako bat, kritikarien eta adituen iritziz nazioarteko panoramako ahots hoberenetakoa dena, Arriaga Antzokira helduko da. Nancy Fabiola Herrera kanariarrari buruz ari gara (Caracasen jaio zen, baina ume zela Kanariar Uharteetara joan zen, gurasoak bertakoak zirelako). Datorren ostegunean, otsailaren 26an 20:00etan, eskainiko du errezitaldia, beti bezala bere fintasuna erakutsiko duen Ruben Fernandez Aguirrek pianoan lagunduta.

Biek, abestiak, erromantzak, zartzuelako piezak eta baita abesti espiritual beltzen bat ere jasoko dituen errezitaldia eskainiko dute. Beste batzuen artean, Anton Garcia Abrilen, Pauline Viardoten edo Ernesto Lecuonaren lanak entzungo dira Arriagan.

Nancy Fabiola Herrerari buruz hitz egitea, bere karreraren gorengo mailan dagoen artista bati buruz berba egitea da. Carmen operaren protagonista gisa egin duen lan bikainari esker, mundu osoko auditorio eta antzoki garrantzitsuenetako batzuetan aritu da, New Yorkeko Metropolitan Opera Housen, Londoneko Covent Gardenen, Municheko Bayerische Staatsoperren, Berlineko Deutsch Operren, Arena di Veronan, Los Angeleseko Operan, eta abar luzean. Beste lan batzuk ere arrakasta handiz interpretatu ditu, Anne Bolenna, Il Postino edo Samson et Dalila, besteak beste. Horrez gain, kalitate handiko grabazio ugari egin ditu, horien artean, azken bi denboraldietan Deutsche Grammophon izenekoarentzat egindakoak: Luis Fernanda, Plácido Domingorekin, eta La bruja, José Brosekin batera. Bilboko ikus-entzuleek, beraz, bere une artistiko hoberenean dagoen lehen mailako ahotsaz gozatzeko aukera izango dute.

Saiorako sarrerak 9,50 eta 32 euro artean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.