Osasun eta Kontsumo Sailak urte osoan inguruko produktuen kontsumoa eta ohitura osasungarriak bultzatzeko jardunaren barruan sartzen da ekimen hau. Elkarlanean aritu dira Bilboko Mediku Zientzien Akademia, Bizkaiko Albaitarien Elkargoa eta Bizkaiko Medikuen Elkargoa, Slow Food Bilbao-Bizkaia elkartea, Mercabilbao, Bilbo Zerbitzuak, eta Artxandako Goi-mailako Ostalaritza Eskola.
Hauek dira kanpainaren helburu nagusiak:
− Berdelaren kontsumoa bultzatzea.
− Jakitera ematea berdelaren onurak zeintzuk diren.
− Herritarrei azaltzea berdela jatea oso ona dela nagusientzat eta umeentzat.
− Balioa ematea arrantzaleek eta arrain-saltzaileek egiten duten lanari.
Balio biologiko handiko proteina-iturri
Berdela, arrain urdina denez, lagungarria da dieta osasungarria eta orekatua egiteko. Izan ere, arrain zuriak baino koipe gehiago du, azkarrago ibiltzen delako itsaspean.
Txitxarroa, hegaluzea, antxoa, sardina, hegalaburra, ezpata-arraina eta beste arrain urdin batzuk bezala, berdela ezinbestekoa da gure dietan, omega 3 eta 6 ugari duelako eta hori ona da presio arteriala erregulatzeko. Horrez gain, balio biologiko handiko proteina-iturri ere bada eta hainbat bitamina eta mineral ditu. Otsailetik maiatzera bitarteko hilabeteak dira onenak berdela jateko.