Vanessa Goikoetxea sopranoak eta Ruben Fernandez piano-jotzaileak emanaldia eskainiko dute bihar Arriagan

uriola.eus 2015ko mar. 2a, 11:00

Denboraldi honetako Lied Zikloaren bigarren emanaldia ospatuko da bihar, martxoaren 3an, Arriagako Gelatxoen barruan. Izan ere, Arriaga Antzokiko foyerrak Vanessa Goikoetxea sopranoaren eta Ruben Fernandez Aguirre piano jotzailearen emanaldia jasoko du. Eurekin batera Ylenia Baglietto, euskal antzezlea, arituko da, errezitatzaile gisa, kontzertuan zehar.

V. Lied zikloko bigarren errezitaldia, musikaren historiako senar-emazte garrantzitsuenetako bati egindako omenaldia da, Robert Schumannek eta Clara Wieck Schumannek osatu zutenari. Kontzertuaren lehen partea, Erromantizismoko konpositore handienetakotzat eta garrantzitsuenetakotzat hartzen den eta intentsitate liriko handiko eta musika konplexutasun azpimarragarriko lanen egile den Robert Schumanni eskainita egongo da. Goikoetxeak eta Fernandez Aguirrek, Myrthen zikloko hiru liederrak eta Frauenliebe und leben ziklo osoa eskainiko dituzte.

Kontzertuaren bigarren partean Clara Schumannen musika izango da ikus-entzuleek gozatuko dutena. Clara Schumann piano jotzaile eta konpositore bikaina izan zen, emakume izanik hori egitea oso zaila zen garaietan. Izan ere, artistak bere balioa behin eta berriro erakutsi behar izan zuen, emakumea sortzaile gisa onartzen ez zuen Alemania hartan. Zailtasun handiak izan zituen bere liederrak argitaratzeko. Interpreteek bere Sechs lieder ederra eskainiko dute, oso-osorik.

Azkenik, eta amaiera gisa, emanaldira hurbiltzen direnek, Estampas bilbainas izeneko Carlos Imazen musika lan berriaren erabateko estreinaldiaz gozatu ahal izango dute. Pieza hori osatzen duten hiru pasarteak hauek dira: Bilbainitas, Xirimiri eta Bilbao.

Lehen mailako artistak

Vanessa Goikoetxea soprano durangarra (Palm Beachen, EEBB, jaio arren) operaren eta zartzuelaren nazioarteko eszenatoki zorrotzean lekua lortzen ari den euskal ahots lirikoetako bat da. Bi urtez Alemaniako Dresdeneko Semperoper antzokiko ensembleko kide izan da, eta batzuetan handik deitzen diote, artista gonbidatu gisa aritzeko. Azpimarragarriak dira Dvorak, Puccini edo Mozart bezalako egileen interpretazio indartsuak, eta bere lan ibilbidean, Matteo Beltrami, Pier Giorgio Morandi edo Rainer Mühlbach bezalako orkestra zuzendari handien aginduetara abestu du. Horrez gain, Camilla Nylund, Emily Magee edo Marcello Giordani bezalako abeslari handiekin aritu da eszenatokian, batzuk aipatzearren.

Berarekin Ruben Fernandez Aguirre maisua izango dugu. Bere birtuosismoaren eta pianoan duen gustu bikainaren ondorioz, goi mailako artista askorekin aritu izan da eszenatokian, Carlos Alvarez, Ainhoa Arteta, Maria Bayo, Gabriel Bermudez, Mariola Cantarero, Nancy Fabiola Herrera edo Jose Luis Solarekin, besteak beste.