Arriaga Antzokira, Eugene O’Neillen El largo viaje del día hacia la noche literatura unibertsaleko klasikoa ekarriko digun muntaketa handia heldu da. Antzerkirako prestatutako bertsio horren egilea Borja Ortiz de Gondra dramaturgo bilbotarra da, eta jatorrizko lanaren egiturari eta izpirituari oso leial izateko ahalegina egin du.
Juan Jose Afonsok, antzezleekin egindako lan handiari esker O’Neillek hainbeste zaindu zuen hitza indartzea bilatzen duen muntaketa lana zuzentzen du. Eta antzezleak lehen mailakoak dira, protagonista bietatik hasiz, Vicky Peña eta Mario Gas, eszenako bi munstro. Vicky Peña, lankide guztiek asko errespetatzen duten antzezlea da, ibilbide bikaina izan duena, Antzerki Sari Nazionala 2009an, lau Max Sari emakume antzezle protagonista hoberenari (1998, 2000, 2008 eta 2011) eta Antzezleen Batasuneko bi sari (1997 eta 2007), beste aintzatespen askoren artean. Eta Mario Gas, letra handiz idatzi beharreko antzezlea da, eta azken urteetan alderdi hori indartu du, Madrilgo Teatro Españoleko eta Naves del Españoleko (Madrilgo hiltegia) zuzendaritza lanak utzi ondoren. Leku horietan lan handia egin zuen zuzendari eta arte kudeatzaile gisa. Iaz, garai hauetan (2014ko martxoan) Mario Gas gurekin izan genuen Julio Cesar antzeztuz, eta orain Arriaga Antzokira itzuliko da, O’Neillek sortutako James Tyrone pertsonaiaren azalean jartzeko. Benetako azterketa edozein antzezlerentzat.
Eta eurekin batera Alberto Iglesias, Juan Diaz eta Maria Miguel izango ditugu eszenatokian, pantaila txikian zein antzerkian eta zinean ibilbide luzea duten hiru antzezle.
Guztien artean, xumetasunean eta umiltasunean oinarrituz, lan biluziaren bitartez, James Tyroneren familiaren mundua eraikitzen dute, edozein familia izan daitekeen familia, hain zuzen ere. Hori izango da, beharbada, El largo viaje del día hacia la noche lanaren arrakastaren sekretuetako bat, edozein senti daitekeela bertan ikusten diren gertakariekin, erreakzioekin, jarduteko moduekin… identifikatuta. Ikus-entzuleak ulertu egiten du, batzuetan liluratuta eta besteetan izututa, eszenatokian ikusten duenak antz larregi duela gure etxeetan gertatzen denarekin. Nork ez du ikusiko Tyronetarren erantzun, keinu edo isilune batean, bere familian uneren batean bizi izandako zeozer. Azkenean, O’Neillek, gure existentziaren erronka handien aurrean jartzen gaitu. Eta hori da lan hori klasiko unibertsal bilakatu duena.
Hiru emanaldi, horietako bat egokituta
Arriaga Antzokiak hiru emanaldi jasoko ditu. Lehenengoa bihar, ostiralean, martxoaren 6an, izango da, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Beste biak larunbatean, martxoaren 7an, 18:00etan eta 21:30etan. Larunbateko bi saio horietako lehenengoa, arratsaldeko 18:00etakoa, ikusmen urritasuna duten pertsonentzat egokituta egongo da, ONCE erakundearen eta Arriaga Antzokiaren arteko hitzarmenari esker, ikusmen urritasuna dutenek ere kulturaz gozatu ahal dezaten. Antzezlanaren programak braillen ere egongo dira.
Sarrerak 8,50 eta 25 euro bitartean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.
Antzezlanaren sinopsi laburra
1912ko abuztuko egun bat da James Tyroneren, antzerki antzezle ezagunaren, etxean, emaztearekin eta bi semeekin. Itsas ondoko etxe bateko udako jardunaldi lasai gisa hasten dena, pixkanaka, borroka gordin bilakatuko da, jardunaldiak aurrera egin eta familiako demonioak azaleratu ahala. Iraganeko maitasunaren hondarrak biziberritzeko ahaleginean elkarrekin bizi behar duten lau gizaki liluragarriren arteko borroka latza.