Oraingo honetan, Jorge Drexler oso banda anitzak lagunduta etorriko da, diskoa janzten duen kolore eta soinu eremu osoa zuzenean eskaini ahal izateko. Egileak orain arte egin duen disko mugituena eta dantzagarriena izango da ziurrenez. Horrela, Arriagako eszenatokian, ahotsarekin eta gitarrarekin egongo da Jorge Drexler bera, eta berarekin batera, Martin Leiton (baxua eta koruak), Borja Barrueta (bateria, cocktail kit eta koruak), Sebastian Merlin (perkusioa, gitarra eta koruak), Carlos Campi Campon (programazioa, perkusio txikia eta koruak), Santiago Cañada (tronboia), Fabrizio Scarafile (saxo tenorra eta txirula) eta Roque Albero (tronpeta).
Jorge Drexlerrek, edozein artistarentzat zaila den zerbait lortu du: ezaguna bilakatu duen berezko zigiluari eustea, baina, aldi berean, lan berri bakoitzean erakusten dituen aldaketekin, birekin eta eraldaketekin ikus-entzuleak harritzea, eragin berriak sartuz eta musika hizkuntza berriak garatuz. Horren azken froga Bailar en la cueva lana da. Bertan, Mexikoko edo Kolonbiako jatorria duten soinuak eta Brasilgo sanbaren ukituak hautematen dira, eta azpimarragarria da, baita ere, erritmo elektronikoak eta rap-eko esaldi motak sartu izana. Horrek guztiak oso groove berezia ematen dio diskoari.
Erritmoak eta poesia, kunbiak eta tangoak, kandonbeak eta zanbak, jazza, rocka eta bossa nova, musika herrikoi brasildarra eta saltsa karibearra, rap-a eta elektronika… Drexlerrek musika asmatzeko duen gaitasuna haziz doa etengabe.
Artistari buruzko lerro batzuk
Jorge Drexlerrek ospe handia lortu zuen 2005ean, Diarios de motocicleta filmeko Al otro lado del río abestia zela eta Oscar sari bat lortu zuenean. Kontzertu agenda zabala duen abeslaria izateaz gain, beste artista askok grabatu dituzten abestien konposatzaile ere bada: Mercedes Sosa, Shakira, Omara Portuondo, Ana Belen, Víctor Manuel, Neneh Cherry, Pablo Milanes, Ketama, Miguel Rios, Ana Torroja, Sole Gimenez, David Broza, Rosario, Jovanotti, Maria Rita, Simone, Zelia Duncan, Paulinho Moska, Jaime Roos, Adriana Varela edo Bajofondo Tango Club.
Gaztelaniaz egindako musikak duen konposatzaile nagusietako batez ari gara, Oscar eta Goya sariak lortutakoa, Grammy Awards eta Latin Grammy sarietarako izendatuta egoteaz gain. Horrez gain, urrezko eta platinozko diskoak lortu ditu eta Ameriketan eta Europan arrakastaz betetako birak egin ditu. Horiek dira bere kalitate artistiko pertsonalak eta sentsibilitate herrikoiak ekarri dizkion aintzatespenak.