'Sister Act' filmean oinarritutako musika ikuskizuna izango da Arriagak Aste Nagusirako egingo duen apostua

uriola.eus 2015ko mar. 12a, 12:46

Iaz milaka pertsona jaitsi ziren 'The Hole' ikuskizuneko "zulora", Aste Nagusiko ikuskizun arrakastatsuenean. Aurten, Arriaga Antzokiak 2015eko Aste Nagusirako eskainiko duen ikuskizuna iazkoa bezain zirraragarria izango da, eta ikus-entzuleak "zerura" eramango ditu. 

Abuztuaren 20tik aurrera (jaiak hasi baino bi egun lehenago) eta irailaren 13ra arte, Arriaga Antzokiaren eszenatokiak, Whoopi Goldberg protagonista zuen film mitikoan oinarritutako 'Sister Act' musika ikuskizuna jasoko du. Are gehiago, Arriaga Antzokia, 'Sister Act' ikuskizunaren biraren lehenengo geltokia izango da.

Musikal horren jatorria, Whoopi Goldberg antzezlea protagonista izan zuen 'Sister Act' (1992) film arrakastatsua izan zen. Whoopi Goldberg bera ere musika eta antzerki showaren proiektuaren atzean dago, ekoizle gisa. Ikuskizuna, erabateko arrakasta lortuz, Londreseko West End mitikoan estreinatu zen 2009an eta bi urte geroago Broadwayn ere antzeztu zuten, txalo artean. Estreinatu zenetik sei urte baino gutxiago igaro diren arren, jada 12 herrialdetan eskaini da eta zazpi hizkuntzatara itzuli dute. Horrela, lau milioi pertsona baino gehiagok ikusi dute 'Sister Act' musikala mundu osoan.

Arriaga Antzokiak jasoko duen gaztelaniazko lana 2014ko urrian estreinatu zen Bartzelonan. Ordutik arrakasta itzela lortu du hiri horretan. Arrakastaren sekretuetako bat ahoz-ahozkoa da, izan ere, 'Sister Act', adiskideei gomendatzeko gogoz irteten zaren ikuskizun horietakoa baita. Arazoak alde batera uzteko eta bekatu osasungarriena eta beharrezkoena egiteko musikal hoberenaren aurrean gaude. 'Sister Act' freskotasunez, erritmo ikaragarriz eta eszenan jartze deigarriz betetako musikala da, eta milaka ikus-entzule zoriontsu egitea lortzen du.

Stage Entertainment etxearen (Mamma Mia!, Los Miserables edo El Rey Leon) superprodukzio handiaren aurrean gaude, El Terrat-ekin (Andreu Buenafuenteren ekoiztetxea) elkarlanean. Xavier Casado gidoilaria arduratu da Cheri Steinkellnerren eta Bill Steinkellnerren libreto bikaina moldatzeaz. Bestalde, Marc Montserrat Drukker izango da antzezlanaren zuzendari egoiliarra.

Lanaren tamaina erakusten duen datua, 70 pertsonatik gorako taldea mugitzen duela da. Antzezle taldea 25 kide baino gehiagok osatzen dute, eta eurekin batera, zuzeneko musika jotzen duten 8 musikarik osatutako banda. Protagonista Mireia Mambo antzezle eta abeslaria da. Kritika bikainak lortu ditu espezializatutako komunikabideetan hilabete hauetan, Deloris-eri bizia emateko abituak lehen aldiz jantzi zituenetik. Azpimarragarri da, baita ere, Angels Gonyalons bezalako Kataluniako eszenako artista handiaren partaidetza, Ama Nagusiarena eginez.

Musika guztiz erakargarria

'Sister Act' lanak soinu banda indartsua du, 8 Oscar sari, 11 Grammy eta Urrezko 7 Globo dituen Alan Menken konposatzaile handiak egindakoa. Menkenek musika beltz hoberenarekin jantzi du ikuskizuna Motown estiloko soulean, funkean, gospelean edo bluesean inspiratuta. Zuzeneko musikak eta nortasunez betetako ahots bikainek bat egiten dutenean, ikus-entzule hotzena eta pasiboena ere hunkitu egingo da. Lana antzeztu den antzoki eta auditorio guztietan, jendeak zutik amaitu du, abesten, dantzan, txaloka… Azken finean, ikus-entzuleek oso ondo pasatuko dute. Ezaugarri horiek guztiak direla eta, 'Sister Act/Arriaga Antzokia' konbinazioa Bilboko Aste Nagusian ondo pasatzeko eta udari zeruraino igoz amaiera emateko alternatiba hoberena izango da. Whoopi Goldberg berak adierazi duenez, “Sister Act lanak barrez, zoriontasunez eta giro atseginez betetako bi ordu bermatzen ditu”. Andreu Buenafuentek esaten duenez, “Sister Act-ekoa bezalako komentu bakarra dago, eta antzokian aurkituko duzu. Zu hunkitzea, eta barrezka eta dantzan jartzea lortuko du. Eta zirrarak zerura eramango zaitu”.

Sinopsia

Deloris gazteak, diva izan nahi duen abeslariak, hilketa bat ikusiko du, eta poliziak, berak joan nahiko lukeen azken lekuan ezkutatuko du… komentu batean! Deloris errebelde eta inkonformistak erlijio erkidegoaren bizitza lasaia hankaz gora aldatuko du, eta kide berrien miresmena eta maitasuna irabaziko ditu. Baina hori ez da nahikoa izango bere iraganetik libratzeko…

Sarrerak salgai dagoeneko

Gaur, ostegunean, martxoaren 12an, jarriko dira salgai 'Sister Act' ikusteko sarrerak, ohikoak diren salmenta kanaletan: www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefono zenbakiaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

Sarreren prezioak 15 eta 59 euro artekoak izango dira, eta beherapen ugari eta prezio murriztuko ikus-entzulearen egunak ere egongo dira.