Arriagak Salvatore Sciarrimoren 'Vanitas' abangoardiako opera hurbilduko die ikusleei

uriola.eus 2015ko mar. 16a, 09:20

Ostegunean, martxoaren 19an, eta larunbatean, 21ean, 20:00etan, Arriaga Antzokiak "abangoardiako opera" edo etiketa berezirik gabeko "musika esperientzia" gisa katalogatu daitekeen antzezlana jasoko du; Salvatore Sciarrino (Palermo 1947) egile italiarraren, musika garaikideak duen figura garrantzitsuenetakoaren, Vanitas, naturaleza muerta para voz, piano y violonchelo lana hain zuzen ere.

Vanitas soinu amalgama bat da, 1981eko abenduaren 11n Milanoko Piccola Scala Antzokian estreinatu zen oso konposizio fina. Salvatore Sciarrinok musika pentsatzeko duen modu bereziarekin bat datorren lana da. Egile horrek musika ulertzeko duen moduaren ezaugarri nagusia sonoritate isolatuen, teknika zabalduen eta isilune ugarien erabilera da. Izan ere, Vanitas, une batzuetan, soinuaren eta isiltasunaren arteko muga horretan dago, eta lehena, hitzez hitz, indarrez atera behar da bigarrenetik. 

Vanitas laneko hiru interpreteek, Marisa Martins mezzosopranoak, Ricardo Bini piano jotzaileak (ikuskizunaren musika zuzendaria) eta Dragos Balan biolontxelo jotzaileak, protagonismoa partekatzen dute. Euren artean interpretazio joko bitxia sortzen da, izan ere, hiruak elkarrekin lehian aritzen dira, baina, aldi berean elkar osatzen dute, musika espazioaren eta isiltasunaren bilaketan.

Lanaren eszenan jartzea Rita Cosentino zuzendari eszeniko argentinarrarena da. Emakume horrek izen handia du eszena sorkuntzan, operarekin erlazionatutakoan, batez ere. Cosentino, opera garaikidea hedatzeko lan egiten duen Buenos Aireseko Colon Antzokiko Esperimentazio Zentroko koordinatzaile artistikoa izan zen 10 urtez. Horrez gain, antzerki garaikide lanak eta musika-antzerki sorkuntza propioak zuzendu ditu, eta nazioarteko hainbat jaialditan hartu du parte. 1996an eszena zuzendari gisa debutatu zuen operan, eta denbora honetan guztian, Rigoletto, Werther, Madama Butterfly edo L’Orfeo bezalako errepertorio operen eszenan jartzeaz arduratu da. 

Vanitas lanean, Rita Cosentinok ahalegina egin du, oroimenaren txokoetatik ibilbide interesgarria eta emotibo eginez, Salvatore Sciarrinoren lanaren barne unibertso aberatsa elementu gutxi dituen eszenografia xumearen bitartez islatzeko, Celeste Carrascok sortutako bideo-proiekzio zainduaren laguntzarekin.

Denok daukagu gure bizitzako oroitzapen jakin bati lotutako abesti edo usainen bat. Gaur egun, nahi gabe azaleratzen den osotasun galduaren aztarnak baino ez dira. Vanitas lanak, denboraren oroimenean ezkutatuta dauden, eta une batean azaleratzeko eta berriro ere desagertzeko zain dauden oihartzun, aztarna, keinu, horietatik ibilbidea egiteko proposamena egiten du.

Apustu zuzena eta oso inguratzailea da, eta dituen ezaugarriak direla eta, artistak eta ikus-entzuleak Arriaga Antzokiko eszenatokian elkartuko ditu. Horrela, ekitaldi horretarako, eszenatokia bera ikus-entzuleentzat prestatuta egongo da, opera horretaz gertutasunetik gozatzeko. 

Ikuskizunerako sarrerak 21 euroren truke eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.