Urte osoa La Bolsatik Afrikara begira

uriola.eus 2015ko mar. 17a, 11:30

Emakumeen eskubideak errebindikatzeko hilabetea da martxoa. Hori dela eta, ACNUR Euskal Batzordeak eta Partaidetza eta Barrutietako Sailak 'Afrikako begiradak' izeneko ekimena abian jarri du La Bolsa auzo etxean. Bertan urte osoan herritarrentzat jarduera irekiak egongo dira. Parte-hartzaileak "Afrikan gertatzen ari dena ikusarazten duten agente" bihurtuko dira.

'Afrikako begiradak-ACNUR Euskal Batzordea' ekimenak genero-ekitate, gizarte-eraldaketarako komunikazio eta bake positiboaren eraikuntzaren topalekua eta arlo horietako ikerketarako eta hausnarketarako espazioa izan nahi du.

Horretarako eta Afrikako egungo egoera ikusgai jartzeko, aurten gizartearentzat irekita egongo diren jarduerak antolatu dira, urte osoan. Komunikazio-zikloan parte hartzen duten pertsonak bisibiliazio-agente bihurtu ahalko dira, Afrikan gertatzen ari denaz mezuak bidaltzeko eta jasotzeko.     

Inaugurazio-ekitaldia La Bolsa auzo etxeko (Pilota 10) areto nagusian izango da, martxoaren 18an.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ere laguntzaile dira ekimen honetan.

 

Afrika Euskadin ikusgai egoteko traiektoria

ACNUR Euskal Batzordeak hezkuntzan zentratu ditu jarduerak 2007tik; hain zuzen, Saharaz azpiko Afrikan dauden gatazka armatuak ikusgai jartzeko. Batez ere, Afrika guztian, gatazka armatuetan bizi diren emakumeei begiratuta. Emakumeak izan ohi dira euren herrialdeetako egoeran ahulenak, baina baita bake-eraikuntzarako prozesuetan funtsezko eragileak ere.

 

ACNUR Euskal Batzordea