Fondazione Nazionale della Danza Aterballetto izenekoa Arriaga Antzokira itzuliko da. Ballet zaleek gogoan dituzte oraindik talde horren aurreko bisitak (Romeo y Julieta 2006an eta Pression/ InCanto dall’Orlando Furioso, 2008an). Konpainiaren proposamen berriak ere zapore bikaina utziko du, izan ere, Europa osoan ospe handienetakoa duen Mauro Bigonzetti koreografo erromatarrak prestatu duen eta erritmoz eta harmoniaz beteta dagoen programa bikoitza izango baita.
Aterballettoren ikuskizunak, elkarren artean oso desberdinak izan arren oso ondo uztartzen diren bi pieza biltzen ditu, indar handiko dantza proposamena sortuz. Horrela, Cristina Bozzoliniren arte zuzendaritzaren eskutik, balletak, G. F. Haendelen musika bikaina duen Come un respiro lan ebokatzaile eta erakargarria eskainiko du. Lan horren indarrak, amaigabeko espazioaren oihartzuna transmititzen duen zurrunbilora eramaten gaituela dirudi. Eta, beste alde batetik, Aterballettok, G. Rossiniren musikan oinarritutako Rossini cards ederra eskainiko digu. Dramaturgia eremu argirik, istorio nabarmenik, ez duen pieza da, eta bizitza paraleloen eszenen inguruan egituratzen da: irudiak, jolasteko kartak, ikono dramatikoak eta egoera komikoak. Azpimarratzekoa da Bruno Moretti piano jotzaileak ikuskizunaren parte horretan egiten duen musika ekarpena.
Arriaga Antzokiak balletaren bi emanaldi jasoko ditu, martxoaren 27an, ostiralean, eta 28an, larunbatean, biak ere arratsaldeko 20:00etan.
1979an sortutako konpainiak errepertorio garrantzitsua osatzen jakin du. Mauro Bigonzettiren lanak taularatzen ditu eta baita nazioartean ospe handia duten beste koreografo batzuenak ere, William Forsythenak, Glen Tetleyrenak, Alvin Aileyrenak, Lucinda Childsenak edo Italiako nazio mailako izar berria den Eugenio Sciglianorenak, besteak beste.
Aterballetto izenekoa, oso maila tekniko handia duten bakarlariek osatzen dute, eta urte hauetan guztietan, eskakizun maila handieneko errolak eta estilo anitzenak interpretatzeko gaitasuna erakutsi dute. Lan hori dela eta, erabateko aintzatespena jaso dute, Italian zein atzerrian. Horrez gain, Aterballettok, dantza alorreko esperientzia esanguratsuenetakoak daramatza aurrera, hobekuntza ikastaroetatik performancetara, jaialdiak eta ikus-entzule gehiago eta anitzagoak balletera erakartzera bideratutako mota guztietako proiektuak.
Sarrerak 12 eta 42 euro bitartean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.