Balkoiak eta leihoak edertzeko lehiaketaren II. edizioa heldu da Bilbo Zaharrera

uriola.eus 2015ko mar. 24a, 10:00

Bigarren urtez jarraian, Bilboko Udalak, Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako eraikinetako balkoiak eta leihoak edertzeko lehiaketa deitu du, hiru auzo horietako Udal Bulegoaren bitartez. Ekimena 2012-2016 Erkidego Planaren barruan sartzen da.

Ekimen horren bitartez, Udalak, Bilboko hiru auzo horietako leihoen eta balkoien zainketa eta edertasuna sustatu nahi du. Ekimena, bakarka zein taldeka parte hartu nahi duten auzokide guztientzat dago zabalik. Horretarako, apirilaren 27a baino lehen eman beharko dute izena San Frantzisko kaleko 3 zenbakian dagoen Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako Udal Bulegoan, edo San Frantziskoko eta Zabalako udaltegietan, Mariaren Bihotzaren plazan eta Zabala kalea, 41ean, hurrenez hurren, bertan emango zaien ereduaren arabera. Leku horietan eta udalaren webgunean kontsultatu ahal izango dira lehiaketaren oinarriak.

Izena emateko unean, euren balkoian edo leihoan, kanpotik ondo ikus daitekeen lekuan, jarri beharreko bereizgarri bat emango zaie partaide guztiei, epaimahaiko kideek erraz identifika ditzaten. Horrez gain, hala nahi duten partaideentzat, Bilboko Udalak bina landare oparituko ditu, balkoien eta leihoen edertasuna bultzatzeko. Landare horiek Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako Udal Bulegoan jaso ahal izango dira martxoaren 26an eta 27an, goizeko 09:00etatik 14:00etara.

Sariak, 'Balkoi edo leiho hoberena' eta 'Eraikin hoberena'  kategorietan banatuko dira, auzo bakoitzean, eta, horrez gain, ohorezko aipamena egingo zaio epaimahaiko kideen iritziz proposamen hoberenak aurkeztu dituen auzoari. Irabazleek 100 euroko saria eta diploma jasoko dituzte.

Epaimahaiko kideek apirilaren 27an eta 28an egingo dute leihoen eta balkoien balorazioa, eta azken erabakia, apirilaren 29an, arratsaldeko 19:00etan, San Frantziskoko Udaltegian, egingo den ekitaldi publikoan jakinaraziko da. Sariak ekitaldi horretan bertan banatuko dira.