Ikus-entzuleek, mundu mailako musikarien lanak eskainiko dituzten Clara Mourizen ahots pribilegiatuaz eta beti ere oso ondo matizatuta dauden Ruben Fdez. Aguirreren teklez gozatu ahal izango dute. Errezitaldiaren lehen partean, J. Haydnen ahotserako eta pianoforterako Arianna a Naxos kantata ezaguna interpretatuko dute, eta baita W. A. Mozart maisuaren zenbait pieza ere.
Bigarren partea Enrique Granados eta Xavier Montsalvatge konposatzaile katalanei eskainita egongo da. Lehenengoaren hainbat pieza eskainiko dituzte, La maja dolorosa lanaren hiru parte barne, hain zuzen ere. Bigarren partean egilearen Cinco canciones negras konposizioaren edertasuna bideratuko diete ikus-entzuleei. Clara Mourizek grabatu zuen jada lan hori 2012an, BBC Philharmonic-arekin, Juanjo Menaren zuzendaritzapean.
Lehen mailako artistak
Clara Mouriz mezzosopranoa BBC 2011-13 Belaunaldi Berrietako artista da; Ingalaterran Wigmore Hall/Independent Opera 2009-11 saria jaso du, eta Londoneko 'Associate of the Royal Academy' izenekoaren ohorezko titulua eman zaio.
Clara Mourizek Wigmore Hall aretoan debutatu zuen 2007an, eta ordutik nazioarteko musika karrera eraman du aurrera Europa osoan, Erresuma Batuan batez ere.
Proms izenekoetan Fallaren El Sombrero de tres picos lana abestu du BBC Philharmonic-arekin, Juanjo Menaren zuzendaritzapean. Azken urteetako beste arrakasta azpimarragarrien artean Nash Ensemblerekin egindako Ravelen Chansons Madecasses, Royal Scottish National Orchestrarekin abestutako Rossiniren Giovanna d'Arco, Mozarten Requiem Swedish Radio Symphony Orchestrarekin, Daniel Hardingen zuzendaritzapean, eta abar luze bat.
Operan egin dituen lanen artean Ariodante, Angelina (La Cenerentola), Rosina (Il Barbiere di Siviglia), edo Melibea (Il viaggio a Reims) aipatu daitezke. 2010ean argitaratutako Musika Espainiarreko errezitaldi diskoa ere badu.
Clara Mourizekin batera Ruben Fernandez Aguirre maisua arituko da. Bere birtuosismoak eta pianoan duen gustu bikainak, eszenatokian artista handi askorekin aritzera eraman dute, Carlos Alvarez, Ainhoa Arteta, María Bayo, Gabriel Bermúdez, Mariola Cantarero, Nancy Fabiola Herrera edo Jose Luis Solarekin, beste askoren artean.
Ikuskizunerako sarrerak 8 eta 12 euro bitartean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.