Concha Velasco 'Olivia y Eugenio' lanarekin Arriagan egongo da hilaren 1etik 4ra

uriola.eus 2015ko api. 1a, 09:45

Arriaga Antzokiaren eszenatoki nagusiak, hainbat antzezle eta ikus-entzule belaunaldiren erreferente izan den artista handienetakoa jasoko du berriro ere. Gaurtik, apirilaren 1etik, datorren larunbatera, 4ra, Olivia y Eugenio lanean Oliviaren pertsonaiari bizia emango dion Concha Velascoz ari gara. Antzezlana arratsaldeko 20:00etan eskainiko da apirilaren 1ean, 2an eta 3an, eta larunbateko, apirilaren 4ko, emanaldia arratsaldeko 18:00etan izango da.

Concha Velascori buruz hitz egitea, errespetu handia merezi duen antzezle eta abeslari batez hitz egitea da. Zinean, antzerkian eta telebistan egin duen ibilbide luzea arrakastaz eta sariz beteta dago, horien artean antzezle batek jaso dezakeen saririk garrantzitsuena: ikus-entzuleen maitasuna. Arriaga Antzokian horren froga garbia izan genuen duela urtebete eta erdi baino gutxiago, 2013ko abenduan, Hecuba lanean egindako lanarengatik txalo zaparrada itzela jaso zuenean.

Orain Bilbora itzuliko da berriro, eta Olivia y Eugenio lanaren protagonista gisa egingo du. Krisi garaietan sortzen diren balioak zalantzan jartzera eramaten duen muturreko egoerari aurre egin behar dioten ama eta seme baten istorioa. Izan ere, itxuraz konponbiderik ez duen amaren gaixotasunak baldintzatzen duen errealitate gogorra da antzezlana gidatzen duena, baina, sarritan alde batera utzita ditugun samurtasuna, gugan dugun fedea, maitasunaren handitasuna edo bizirik sentitzearen poza bezalako dohainek, beti daudela gure patuaren jabe izaten jarraitzeko beste bide batzuk erakusten digute. Tragedia ezinbestean ari da Oliviarengana hurbiltzen, eta bere iragana gogoratuko du, kontuak argitu nahi ditu, zintzotasun osoz, senarrarekin, amarekin, adiskideekin, sendagileekin eta euren ustez normalak diren guztiekin, hau da, politikariekin, arrakasta handia lortu duten profesional eta kirolariekin… Oliviak bere buruari galdetzen dio horiek guztiak bere seme Eugenio, Down sindromea duen gaztea, baino normalagoak ote diren. Eta planteamendua haratago joan daiteke: nor da benetan zoriontsu, itxuraz arrakasta duen pertsona ala Eugenio bezalako gaztea?

Eugenio, beraz, Oliviaren semea da, eta Down sindromea du, pertsonaiari bizia ematen dion antzezleak bezala: Rodrigo Raimondi. Hori berritzailea da, eta oso garrantzitsua, izan ere, orain arte Espainian Down sindromea duten antzezleak ez direlako horrelako lehen mailako antzerki muntaketa batean sartu, aurretik ere adimen urritasuna duten pertsonek filmetan edo telesailetan parte hartu duten arren. Baina, benetan azpimarragarria, Rodrigo Raimondik generoak berez dituen baldintzak naturaltasunez eta prestutasunez onartzen dituela ikustea da: egunero ordubete eta erdi fokuen begiradapean aritzea eta testu osoa antzeztea, ezer ahaztu barik. 

Olivia y Eugenio,  Madrilen bizi den Herbert Morote egile perutarraren lana da, eta Liman estreinatu zen 2010ean, Yvonne Frayssinet protagonista zela. Orain Concha Velasco da Jose Carlos Plaza ezagunak zuzentzen duen lanaren protagonista. José Carlos Plaza Centro Dramático Nacionalaren buru izan zen 1989tik 1994ra, eta zuzendu dituen antzezlanen artean Dario Foren eta Franca Rameren Tengamos el sexo en paz, Shakespeareren El mercader de Venecia, edo Valle-Inclanen Comedias barbaras daude, beste askoren artean. Intuizioz eta azkartasunez beteta, eszenako antzezpen bikainarekin batera, lehen hitzetatik ikus-entzulearen bihotza kuzkurtzen duen antzezlan zirraragarria lortzen du.

Ikuskizunerako sarrerak 8,50 eta 25 euro bitartean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.