Arriagak 'La Gaviota', Chejoven klasikoaren moldaketa "zirraragarria" ekoiztu eta eszenaratuko du

uriola.eus 2015ko api. 16a, 08:45

Gurutze Beitia, Mikel Losada, Lander Otaola eta Ylenia Baglietto antzezleak buru dituen taldea entseguetan murgilduta dago egun hauetan, Arriaga Antzokiak ekoizten duen eta apirilaren 16tik 19ra eszenara eramango duen Anton Chejoven La Gaviota klasikoaren moldaketa zirraragarria prestatzeko. Emanaldi guztiak arratsaldeko 20:00etan izango dira, igandekoa izan ezik, izan ere azken funtzio hori 19:00etan hasiko da.

Gustavo Tambascio opera eta antzerki zuzendari eszeniko, dramagile, idazle, itzultzaile eta pedagogo argentinarra arduratuko da lanaren zuzendaritza eszenikoaz. Daniel Bianco arduratu da, berriz, espazio eszeniko ikusgarria lantzeaz eta baita argiztapenaz ere. Azkenik, Jesus Ruizenak dira antzezlanaren jantzi bikainak.

La Gaviota lanaren moldaketak Chejoven jatorrizko testuaren izpirituarekin leial izan nahi duen arren, Tambasciok bertsio paregabe bilakatzen duten zenbait ekarpen ere egin ditu. Adibidez, zeremonia maisu gisa aritzen diren Josu Bilbaok eta Zorion Eguileorrek antzezten dituzten bi pertsonaia gehitu ditu, antzezlanari bateratze eszeniko bitxia eta indartsua emanez. Esan behar da Eguileorrek pianoaren aurrean egiten duela bere lana, zuzenean joz.

Gainerako antzezle taldea, gure antzokietako eszenatokietan, telebistako saioetan eta zine ekoizpenetan ohikoak diren lehen mailako artistez osatuta dago: Helena Dueñas, Antonio Ruperez, Jon Ariño, Nerea Moreno, Gabriel Ocina, Felipe Loza eta Jon Koldo Vazquez.

Tambascioren esku azkar eta pertsonalak eta antzezleen lan bikainak lehen unetik erakartzen dute ikus-entzuleen arreta, indar dramatikoari eta zirrara sortzeko gaitasunari esker. Ondo identifikatutako pertsonaiak eta sentimenduak dituen ekoizpen lan zirraragarri baten aurrean gaude. Arriaga Antzokira hurbiltzen diren ikus-entzuleak sakon hunkituko dituen lana.

Laguntza bertako eszenari

Arriaga Antzokiak iaz bultzatu zuen ekimenari ekingo dio berriro, hau da, antzezlan handien muntaketak ekoizteari, euskal antzezleek eszenaratu ditzaten. Joan den denboraldian Carlo Goldoniren Los enamorados lana ekoiztu zuen, eta aurten Chejoven La Gaviota izango da, mundu mailako antzerkiaren klasiko handienetakoa. La Gaviota San Petersburgon estreinatu zen 1896an, eta Konstantín Stanislavskik, antzezpenaren artearen berritzaile nagusiak, sortu eta zuzendu zuen Moskuko Artearen Antzerkia izenekoak eszenaratu zuen 1898an.

Gustavo Tambasciori buruz

Gustavo Tambasciok, 1976an bere herrialdetik ihes egin zuen opera eta antzerki zuzendari eszeniko, dramagile, idazle, itzultzaile eta pedagogo argentinarrak, ibilbide emankorra egin du hainbat hiritako antzokietan: Buenos Aires, Caracas, Napoli, Mosku, Manaos, Dallas, Seattle, Montreal, Kiev, Madril, Bartzelona, Sevilla eta Bilboko Arriaga. Haendel, Berg, Vinci, Rossini, Mozart, Verdi, Marco edo de Pablo bezalako musikari handien operak zuzendu ditu eta Shakespeare, Chejov, Bernhard, Dumas, Lorca edo Cernuda bezalako idazleen antzezlanak zuzendu ditu, beste askoren artean.

Ikuskizunerako sarrerak 6,50 eta 21 euro bitartean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.