Jordi Lopez da musika-zuzendaria eta Emilio Sagi eszena zuzendaria, Carlos Roo zuzendaritza-laguntzaile dutela. La Viuda Alegre antzezteko aktore-multzoa, halaber, egundokoa da, dotore eta misteriotsua agertuko zaigun Natalia Millan buru duela. Bera izango da Hanna Glawari, hau da, Franz Lehar konposatzaile austriar-hungariarraren musika duen hiru ekitaldiko opereta ezaguneko "alargun alaia". Arriaga Antzokiak, iraulketa handia emanez, musikal handi bilakatuko du lan hau, gaztelaniaz eskainiko dena eta zuzeneko musikaz jantzita, 12 musikariren eskutik.
Natalia Millan oso artista ezaguna da, esperientzia handikoa antzezle, abeslari eta dantzaria; 30 urte baino gehiagoko ibilbidea duena antzerkian, zinean eta telebistan. Bere aniztasunaren eta lanerako gaitasunaren adibide gisa, esan daiteke La Viuda Alegre lanerako entseguekin batera, une honetan bira egiten ari den Compañia Nacional de Teatro Clasico izenekoaren Donde no hay agravios no hay celos lanaren emanaldiak eskaintzen ari dela. Horrez gain, gaur egun antzezpen munduaren lehen lerroan dago, arrakasta handia lortzen ari den El ministerio del tiempo telesailean egiten duen lana dela eta. Baina, artista honek bere aztarna utzi duen proiektuen zerrenda amaigabea da: Velvet, El internado, Amar en tiempos revueltos, Policias edo Un paso adelante, telebistan; Cinco horas con Mario, Fuente Ovejuna edo La ultima aventura, antzerkian; Frank V edo La gran sultana, dantzari gisa; Sangre de mayo edo Nubes de verano, zinean… eta abar luzea.
Natalia Millanekin batera, lehen mailako bost artista arituko dira, protagonista gisa. Bere ahotsarekin mundu osoko antzoki eta auditorioak liluratu dituen Antonio Torres baritonoa, La Viuda Alegreko Danilo konde gisa; Bilbon, Sonrisas y Lagrimas lanean Mariaren pertsonaia modu bikainean antzezteagatik gogoratzen den Silvia Luchetti antzezle, abeslari eta dantzaria Valencienne da; musika antzerkiz hitz egiten badugu dagoeneko erreferente den eta duela denbora gutxi Los Miserables lanarekin arrakasta handia lortu zuen Guido Balzaretti antzezle gaztea Camille izango da; Arriaga Antzokian hainbeste arrakasta lortu dituen Enrique Viana tenoreak bere ahots paregabea jarriko dio Njegusi; eta amaitzeko, beste abeslari liriko handi bat, Jose Manuel Diaz baritonoa, Mirko Zeta baroiaren azalean sartuko da.
Seikote nagusiari, 16 pertsonak osatutako abesbatz handiaren ekarpena gehitu behar zaio. Pertsona horiek, aingeruek bezala abesteaz gain, dantzatu eta antzeztu ere egiten dute, Carlos Imazen zuzendaritzapean. Ahotsez eta dantzariz osatutako abesbatza hori, gure eszenan gero eta ezagunagoak diren antzezle eta abeslariek osatzen dute: Begoña Alvarez, Ylenia Baglietto, Sandra Fdez. Aguirre, Itxaso Quintana, Loreto Mauleon, Ana Sagastizabal, Lara Sagastizabal, Karmele Larrinaga, Alberto Ferrero, Rafa Higuera, Antonio Hurtado, Iñaki Maruri, Alberto Nuñez, Aritza Rodriguez, Egoitz Sanchez eta Mitxel Santamarina.
Ikuskizun handia
La Viuda Alegre Arriaga Antzokiaren ekoizpen lan ikusgarria da. Eszenografia dotorea Daniel Biancorena da, eta figurinista lan bikaina Renata Schussheimek egin du. Ikus-entzuleek dantza ikuskizun anitzen eta dinamismoz beteen edertasunaz ere gozatuko dute, beti ere sormenez beteta agertzen zaigun Nuria Castejon koreografoari esker. Ikuskizuna, ziurrenez munduko opereta ezagunena denean dago oinarrituta, antzerki musikalaren benetako paradigman, Franz Leharren musikarekin eta Victor Leonen eta Leo Steinen libretoarekin 1905ean Vienan estreinatu zen La viuda alegre. Lan hori, aldi berean, Henri Meilhacen L’attaché d’ambassade komedian dago oinarrituta. Hasiera-hasieratik harrera izugarria lortu zuen lana da.
Arriaga Antzokiak ikuskizun hori musikal handi bilakatzeko egin duen apustuak, jende guztiarengana are eta gehiago hurbiltzeko aukera emango du, jende guztiak barre egiteko eta gozatzeko aukera izan dezan. Izan ere, argumentuaren lizunkeria, melodien edertasuna, mundu irrealaren lilura… direla eta, ikus-entzuleengan, emanaldi bakoitzaren ondoren zenbait ordu iraungo dituen aurpegiko irribarrea marraztuko da.
Sarrerak 12 eta 42 euro artean, maiatzaren 13, 14, 19, 20 eta 21ean eskuratu daitezke eta "ikus-entzulearen egunetan" 9 eta 32 euro artean. Salgai egongo dira www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.
Sinopsi laburra
Zerbitzu diplomatikoen gainean badago uste bat, bertan ari direnek izan beharreko bertute bakarrak dena jasateko gai izango den gibela, eta ezeri buruz hitz egiten duten bitartean irribarre egiteko gai izatea direla, harrera ekitaldietatik enbaxadan egiten diren jaietara, eta dantzaldietatik goi mailako afarietara. Beharbada, La Viuda Alegre bezalako lanek irudi hori indartu egin dute. Bertan, Danilo protagonistak, Hanna gazte aberatsa seduzitzeko eta berarekin ezkontzeko eginbehar patriotikoa izango du, bere fortuna txikia ez dadin opereta printzerri txikitik irten. Danilo, printzerriak Parisen duen enbaxadako lehen idazkaria da. Eginbeharrak erraza dirudi, mutila oso ederra delako eta uniformeak are eta ederrago bilakatzen duelako, baina ez da uste bezain erraza izango, euren artean, gaizki amaitu zen aspaldiko maitasun istorioa dagoelako eta, maila bereko beste ezkongai batzuek ere helburu bera bilatzen dutelako. Goranahi nazkagarriak! Eta baita alarguna, izenburuak esaten duen bezala, oso alaia delako, eta inori ez diolako aurpegi txarrik jartzen. Bitartean, orkestrak baltsak joko ditu bata bestearen ondoren, eta xanpaina eta poza alde guztietan izango dira nagusi.