Azken urteotan egin dugun bezala, duela hilabete inguru jarri genuen martxan proiektu hau. Gaztetxe ondoan dagoen eta erabilpenik ez daukan zelaian ortutxo bat egitea zen gure asmoa. Urteak daramatzate Solokoetxeko eskaileretako berdegune munizipalek hutsik , auzoari txakurrak kaka egiteko espazio bat besterik eskaintzen ez diotelarik.
Duela urte batzuk abian jarri genuen ideia hartan oinarrituz, gazteon elkarlanaz, baratza ekologiko bat martxan jarri nahi izan genuen. Zelai horien bizitza berreskuratuz, Bilboko gazteok barazkien ekoizpenaren inguruan dugun desinformazioari aurre egin nahi izan diogu. Askotan ez baikara jabetzen kontsumitzen ditugun elikagaien jatorriaz, ezta honek suposatzen duen lanaz ere. Letxugak edo tomateak Eroskitik datozela uste dugu askok oraindik.
Proiektu honekin batera, eta aurreko urteetan gertatutako ikusita, sinadura bilketa bat martxan jarri genuen, jendearen babesa jaso eta auzoarentzat honek dakartzan ourak era honetan islatu ahal izateko. Aste hauetan zehar 600 baino gehiago izan dira bere sinadurarekin baratza herrikoia babestu duten auzokideak, eta ez hori bakarrik, sinaduraz gain, asko izan dira Gaztetxera hurbildu eta aurreko urteetan gertatutako Udaletxearen lotsagabekeri bat izan zela uste zutela aitortu eta babesa helarazi digutenak.
Asteartean beste behin historia bera errepikatu zen, beste behin erakutsi dute ez garela Udaletxeak bilatzen duen gazte eredua, ez dituztela nahi gu modukoak, etxean besoak gurutzaturik geratzeari uko egin eta bere gaitasunak garatuz alternatibak eraikitzearen hautua egin duten gazteak hain zuzen.
Azkuna jauna ahalegindu zen lehengo, Ibon Areso izan da oraingoan eta Aburtok ere ez du itxura hoberik. Baina jai dute gurekin. Lore guztiak moztu ditzakete baina ezin izango dute udaberria gelditu.