Maria Dueñas idazleak bere azken eleberriaren barrunbeak azaleraziko ditu

uriola.eus 2015ko mai. 12a, 08:30

Irudia: Ed. Planeta

La Templanza (Ed. Planeta, 2015) eleberriari buruz mintzatuko da gaur, hilak 12, Bidebarrieta liburutegian. Lan horretan, idazleak, "aurreko lanetan arrakasta lortzera eraman zuten narrazio elementu berberak egituratzen ditu. Espainiaren historia koloniala da maitasun istorio handiaren eszenatokia, oraingo honetan Mexiko eta Kuba bezalako leku iradokitzaileetan".

Mexikoko errepublika gaztetik Habana kolonial ikusgarrira; Antilletatik XIX. mendearen bigarren erdialdeko Jerezera, bere ardoak Ingalaterrara saltzearen ondorioz, Andaluziako hiria gune kosmopolita eta legendario bilakatu zen garaira. Eszenatoki horiek guztiak ikusten dira La Templanza lanean, garaipenez eta galerez, zilar meategiez, familiako gorabeherez, mahastiz, upategiz eta denborarekin euren handitasuna galdu zuten hiri harroez hitz egiten duen eleberria. Ezbeharren aurrean ausardiaren eta grinaren indarrak betiko aldatuko duen jomuga erakusten dituen istorioa.

Liburu horretan irakurleak Maria Dueñas "onena" aurkituko du, egileak bere aurreko argitalpenekin arrakasta lortzera eraman zuten narrazio elementuak josten dituen eleberri honetan. Kolonien garaiko Espainiaren amaiera, upategietako klanak, Ingalaterrarekin zeuden merkataritza harremanak… aldi berean gozoa eta indartsua den emakumezko pertsonaiarekin, eta gizonezko protagonista handiarekin, idazlearen lanetan hain ezaugarritsuak diren bigarren mailako pertsonaiak ahaztu barik.

Maria Dueñas (Puertollano, Ciudad Real, 1964) Ingeles Filologian doktore eta Murtziako Unibertsitateko irakasle titular da, une honetan lan utzialdian dagoen arren. Bere lan ibilbidea Ipar Ameriketako unibertsitateetan ere egin du, eta hezkuntza, kultura eta argitalpen alorreko hainbat proiektutan hartu du parte. 2009an lehenengo literatur lana argitaratu zuen, El tiempo entre costuras, azken urteetako argitalpen arrakastatsuena bilakatu den eta irakurleak eta kritika bereganatu dituen lana. Salmentak milioi bat aletik gorakoak dira. Eskubideak, hogeita bost hizkuntza baino gehiagotara itzultzeko laga ditu.

Topaketa Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30etan, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Alicia San Juan kulturan espezializatutako kazetariak egingo ditu aurkezpen lanak.