Agur Esperantzako frontoiari

uriola.eus 2015ko mai. 11a, 15:31

Hasi dira hondeamakinak Esperantza frontoia txikitzen. Bere lekua Alde Zaharreko metro geltokia handitzeko baliatuko dute. Izan ere, geltoki horretara lotzekoak dira eraikitzen ari diren metroko 3. linea.

225 urteko historia du Esperantza frontoiak, egunotan desagertzen ari dena. Izan ere, hondeamakinak hasita daude frontoia eraisten. Apirilaren amaieran hasi ziren eta hurrengo egunetan harmailak desmuntatu eta hormak eta fatxada botako dituzte. Eusko Trenbide Sareak erakundearen arabera, "ekainaren hasierarako espazioa" garbi egongo da, "zuloa agerian". Eraispena "beharrezkotzat" jo dute dimentsio handiko makinek eta kamioiek bertan sartu Alde Zaharreko geltoki berrian lan egin ahal izateko. "Behin-behinean", frontisa eta atzeko pareta mantenduko dira, baina Eusko Trenbide Sareak erakundeko eledunek adierazi dutenez obraren "segurtasun neurriak bermatzeko" baliteke frontisa eta atzeko pareta eraistea. Obrak aurrera egin ahala hartuko dute erabakia. 

Eusko Trenbide Sareaken aurreikuspenen arabera, urte eta erdi inguru -17 hilabete- iraungo dute Alde Zaharreko geltoki berriko lanek, eta Eusko Jaurlaritzako iturrien arabera 2016ko amaieran martxan izango da metroko 3. linea.

Geltoki berriarekin batera, frontoi berria izango da Esperantzan ere. "Apurtzen duguna berrituko dugu", aurreratu dute Eusko Trenbideak erakundeko ordezkariek.

Alde Zaharreko auzotarrek eta merkatariek kezka agertu dute obrak sortuko duen enbarazuagatik, zarata eta zikinkeriagatik -hautsa- batik bat. Obraren epeak eta faseak ez dituztela ezagutzen salatu dute, "ez digute informazioarik eman ez kontsultarik egin", adierazi dute Esperantza kaleko bizilagunek.

 

[2014/03/12] Itxaropen gutxi Esperantzan