Bidebarrieta Kulturgunea espazioak, Juanra Madariaga poeta eta mendizale bilbotarraren 'eSPedizioa: Mendi ororen pisua' liburuaren aurkezpen ekitaldia jasoko du ostegunean, maiatzaren 14an, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Ekitaldi horretan liburuaren hainbat kapitulu errezitatuko dira, Himalaiako musikak eta irudiek lagunduta. Egileak berak grabatu zituen irudiak, 2010ean Tibeten dagoen Shisha Pangma (8.027 m.) mendira egin zuen espedizioan. Berarekin batera Unai Elorriaga idazlea eta Juanjo San Sebastian mendizalea egongo dira.
Shisha Pangma mendira egindako espedizioan Juanra Madariagak Unai Elorriagaren SPrako Tranbia liburua eraman zuen bidelagun. Mendizale eta idazleak espedizioak sortzen zizkion beldurrak, altueran irakurtzearen plazera, lilura zen hura merkataritza produktu bilakatzearen aurreko ardura, bakardadetik eta natura basatitik sortzen den poesia eta, azken finean, Madariagak tontorrerako bidean egin zuen barne bidea konpartitu zituen Lucasekin, Unai Elorriagaren liburuaren protagonistarekin. Literaturan eta ingurune hartan finkatutako harreman hartatik sortu da lan berri hau, 'eSPedizioa. Mendi ororen pisua'.
Mendizale orok tontorrarekin egiten du amets, eta beharbada horrela egingo dugu amets: George Malloryk The Voyage Out, Virginia Woolfek idatzitako liburua eraman zuen Everestera 1924an; Fritz Luchsinger alemanak, 1983an Shisha Pangma mendian hil zenean, Rainer Maria Rilkeren lana zeraman; James Mallahan idazlearen Postariak bi aldiz deitzen du beti liburua Stuart Alexander Lowerekin zegoen elur-jauzi batek irentsi zuenean. Juanra Madariagak, bere aldetik, Unai Elorriagaren SPrako tranbia lana eraman zuen Shisha Pangma mendiaren tontorrera, eta bertan irakurri zuen azken kapitulua. Itzultzean, bere azken poesia liburua idatzi zuen.
Ekitaldi horretan liburuaren zenbait testu irakurriko dira, hainbat espedizio egin eta gero mendizaleak ondo ezagutzen dituen Himalaia mendikateko musikak eta irudiek lagunduta. Bi adiskide izango ditu ondoan: Unai Elorriaga, –berak gura izan barik ere bidaide izan duena– eta Juanjo San Sebastian, euskal mendizaletasunak eman duen pertsonaiarik sendo eta karismatikoenetakoa, hainbat jaialditan arrakasta lortu duten zenbait dokumentalen eta serieen idazle, gidoilari eta zuzendari izateaz gain.
Juanra Madariagak Euskal Filologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta gaur egun Nontzeberri kultura argitalpen digitalean egiten du lan. 1988an Bizkaiko Foru Aldundiaren poesia saria irabazi zuen, hurrengo urtean erakunde berak argitaratu zuen Imentzioaren pergamuak poesia bildumari esker. 1992an Galera errepikatuak (Susa) liburua argitaratu zuen, eta urtebete geroago, 1991n Imagina Ezazu Euskadi Saria irabazia zuen Elaien ausardia (Deustuko Unibertsitatea). 1996an Argia sortzen den izartegia (Alberdania arg.) lanak Kritikaren Saria irabazi zuen. 2000. urtean Euskaltzaindia-BBK Felipe Arrese Beitia poesia saria lortu zuen.
Madariagak bere poemen antologia ere argitaratu du: Orbanak (Olerti Etxea, 2001). Bere poemetako batzuk gaztelaniaz ere irakur daitezke, Ultimisima Poesia Española (Milenio) liburuan. 2001ean Fisica (Bassarai) poesia liburua argitaratu zuen, 2003an Izozmendiak (Susa) eta 2009an Eroriaren logika (Susa). Bere lanaren parte bat ingelesera, italierara, portugesera, katalanera eta gaztelaniara itzulita dago.