Atxuriko geltokira, 100 urtetik gorako eraikinera, bisita gidatuak ekainean

uriola.eus 2015ko mai. 21a, 10:45

Euskaraz eta gaztelaniaz egingo diren bisitak asteartetik larunbatera izango dira, goizez eta arratsaldez, eta aurretik erreserba egin beharko da 94 401 00 10 telefono zenbakira deituz. Plazak datorren astelehenetik, maiatzaren 25etik, aurrera erreserbatu ahal izango dira. 

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Hiriko eraikin enblematikoetara egiten diren bisita gidatuei berrekin zien maiatzean, ohikoa den bezala. Ekimen hori, ondarearen hedapenerako Bilbao Izan programaren barruan sartzen da, eta aurtengo edizioan, bigarrena, bere egunean ingeniaritzaren alorrean erreferente izan ziren eta ehun urte baino gehiago dituzten industria instalazioetan zentratuko da. Ekainean, ikus-entzuleek, Manuel Maria Smith arkitektoak diseinatutako estilo neoeuskalduneko Atxuriko tren geltokia bisitatzeko aukera izango dute.

Atxuriko geltokira egingo diren bisitak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, astearteetan eta asteazkenetan 17:00etan eta 18:45ean; ostegunetan eta ostiraletan goizeko 10:00etan eta arratsaldeko 18:00etan (euskaraz), eta larunbatetan goizeko 10:00etan eta 11:45ean, datorren ekainaren 27ra arte. Bisitak ordubete eta erdi inguruko iraupena izango du, eta talde bakoitzak, gehienez ere, 25 pertsona izango ditu. Hori dela eta, beharrezkoa izango da aurretik erreserba egitea 94 401 00 10 telefono zenbakira deituz (goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara), datorren astelehenetik aurrera.

Atxuriko geltokiaren egungo eraikina 1913an egin zen, trenbide linearen trafiko hazkundeari aurre egiteko txiki geratu zen 1882ko jatorrizkoa ordezkatuz. 1912an, Sociedad de Ferrocarriles Vascongados izenekoak Bilbon geltoki berria eraikitzea erabaki zuen, eta horretarako lehiaketa bat antolatu zuen. Smith-ek aurkeztutako soluzioa izan zen irabazlea, eta arkitektoak garai hartako 6.000 pezetako saria lortu zuen. Arkitektoaren berbetan, euskal etxeetan inspiratu zen batez ere.

Bizkaian ez zegoen abangoardiako ukitu askorik Atxurikoa baino urte batzuk lehenago eraikitako tren geltokietan, Achúcarrok eta Gorbeñak eraiki zuten Concordiakoan edo Alzolak egin zuen Najakoan ikus daitekeenez. Funtzionalitateari dagokionez, eraikuntza eraikinaren pieza nagusia den atariaren inguruan egituratzen da. Bertatik sartzen da nasetara eta geltokiak funtzionatzeko beharrezkoak diren gainerako lekuetara.

Gaur egun Euskotrenek ustiatzen duen geltokiaren bolumenaren forma konplexuak fatxada irudi anitza sortu du. Horien artean azpimarragarria da sarrerako alaka, Euskadiri buruzko errotuluarekin eta armarriarekin. Ate nagusiaren gainean Euskadiko hiru probintzien hiru armarriak jarri ziren eta Nafarroako kateak zituen laugarren bat, Ferrocarriles Vascongados sozietatea Nafarroako konpainiarekin bat egiten ahalegindu baitzen.

Bisita horietarako topalekua Enkarnazio plaza izango da. Bertan, izen bera duen elizaren eraikuntza lanak hasi zirela 500 urte bete direnez (Bilbao Historiko erakundetik ospakizun hori bultzatzen ari da), Atxuri auzoaren jatorria eta Enkarnazio komentuak eta elizak inguru horren historian eta garapenean bete izan duten lekua ere aztertuko da, labur bada ere.

Bilbao Izan

Bilbao Izan programa duela zortzi urte sortu zen, Bilboko biztanleei eta interesa duten guztiei, hiriaren historia, ondarea, eta gaur egun Hiria osatzen duten guneek denboran zehar izan duten bilakaera eta eraikuntza ezagutarazteko. Asmo horrekin zenbait ekimen garatu dira, horien artean, auzoetara egindako bisita gidatuak 'Bilbo, hil bakoitzean auzo bat', 'Botxoko mendi-mazelak deskubritzen' eta 'Hamabi begirada Bilbori' programen bitartez. Auzoetara egindako bisita gidatuen programari jarraipena emanez, Kultura eta Hezkuntza Sailak beste pauso bat eman zuen, bere arreta, ondarearen ikuspegitik bereziak diren Hiriko eraikinetan jarriz.